Itxi

kultura

Iruñea

Iruñeak 200 ekintza kultural baino gehiago eskainiko ditu udan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Eskaintza kulturalak Natalia Lacunza, Chica Sobresalto, David Otero, edota Miss Caffeína bezalako artisten emankizunak eskainiko ditu.

  • Iruñeako Plaza. Irudia: EFE

    Iruñeako Plaza. Irudia: EFE

Iruñeako Udalak aforo eta segurtasun neurri guztiak beteko dituen 200 ekintza kulturaletik gora eskainiko ditu uda honetan Zitadelan eta inguruko auzoetan. Udalak azaldu duenez, eskaintza kulturala ostiral honetan estreinatuko da La Pamplonesa, Iruñeako Orfeoia, Duguna dantza-taldearekin eta herri-txistulariekin.

Iruñeako Zitadela kulturaren epizentroa izango da beste behin uda honetan zehar. Bere barruan 600 pertsonako aforoa baimendu da, eta 40 ikuskizunetik gora hartuko dituen “tamaina handiko” eszenatoki bat instalatu da bertan. Programazioa gainerako auzo iruindarretara ere zabaltzen da, eta “udako zinema, tailerrak, kontzertuak eta aire librean egiteko beste jarduera batzuk” ere antolatuko dira.

Jarduera gehienak Udalak berak kontratatuta dohainik izango badira ere, “ beste agente sozioekonomiko eta kultural pribatuekin kolaborazioan” adostutako beste ekintza batzuk ere antolatuko dira. Zenbaitetara joateko sarrerak erosi beharko dira, eta udalaren webgunean edo kanpoko webguneetan egongo dira salgai.

Programak bederatzi ziklo izango ditu, eta haietatik lehenengoa “eskualdeko musika eta dantzan” jarrik o du fokua asteburu honetan egingo diren kontzertu ezberdinen bidez. Festak datorren ostegunean, uztailaren 9an jarraituko du “Jazz Ostegunak” lemapean hiru astez egingo diren doako ikuskizunetan.

Programazioaren “plater nagusia Noches en Ciudadela” izango da. Bertan parte hartuko dute panorama nazionalean aski ezaguna diren David Oterok (uztailaren 18an), Diana Navarrok (uztailaren 25ean), Viva Sueciak (abuztuaren 8an) edota Miss Caffeínak (azbuztuaren 22an). Kontzertu horiek guztiak prezio murriztuan disfrutatzeko aukera izango da.

Programa horrek bertako talentua ere babestuko du. Uztailaren 11an Maialenek (Chica Sobresalto), Operación Triunfo saioan parte hartzeagatik ezaguna, eskainiko du kontzertua. Abuztuaren 7an, ostera, Natalia Lacunzaren txanda izango da.

Uztailaren 12an bi ziklo gehiago hasiko dira: “Puro Folklore” izango da uztailetik irailera arteko goizetan, eta “Rincones y Recovecos”, publiko familiar bati zuzendutako jarduerak.

Uztailaren amaiera aldera “Pamplona Reclassics” jaialdia hasiko da.  Horren helburua “publiko guztietara iristeko musika klasiko eguneratua” eskaintzea da, eta, horrenbestez, Sarasate, Granados, Haendel, Beethoven edota Bartoken melodiak izango dira entzungai.

Abuztuaren 4tik aurrera, Festival de las Murallas izango da protagonista. Urtero legez, “hainbat arte eszenikoetako proposamenak taularatuko ditu”, hala nola dantza, umore edo zirkua. Programazioa hemendik aste batzuetara aurkeztuko da, eta gaueko ikuskizunak ere eskainiko ditu.

Uda amaiera aldera “Flamenco On Fire” jaialdiaren txanda izango da. Sábicas gitar-jole iruindarraren omenez ospatuko da, eta “Pim Pam Ville” izango da protagonista nagusia. Rock, folk, garage edo punk doinurik  eklektikoenak taularatuko ditu.

Zitadelan egingo diren jarduera guztietarako Polvorín eraikinaren ondoan sarbide bat ahalbideratu da, modu horretan parkean zehar dabilen jendearekin ez topo egiteko, eta “ezberdindutako irteerak” aurreikusi dira osasun arau berriak jarraitu ahal izateko.

Behin barruan “distantzia soziala bermatuta egongo da” publikoaren artean, eta binaka eresi ahal izango da, beti ere familia bereko bi pertsona badira. Gainera, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da eta gel hidroalkolikoa ere eskuragarri egongo da.