Itxi

kultura

Komikia

'Joanes, euskal baleazalea', New Yorkeko NYC Comic CON jaialdian

Erredakzioa

Guillermo Zubiagaren komikia 100.000 bisitari baino gehiago espero dituen AEBetako komiki jaialdi jendetsuan izango da ikusgai.

  • 'Joanes, euskal bale arrantzalea', New Yorkeko NYC Comic CON jaialdian

    Guillermo Zubiagaren 'Joanes, euskal bale arrantzalea'.

Joanes euskal baleazalea baleak harrapatzen, ekaitzei aurre eta piratei ihes egiten, eta itsasontzia itsaslabarretatik urrun mantentzen saiatu da orain arte. Baina beste mehatxu bati egin behar izan zion aurre orain hilabete batzuk, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak (The Flying Whaleboat komikiaren editoriala) estatuko diru-laguntzak gal zitzakeela jakin zuenean.

Gaur egun, munduan euskal ikasketak ikertzen liderra den erakunde horrek aurrekontua murriztea saihestu eta bost hilabetera, Guillermo Zubiaga lasaiago dago, New Yorkeko Comic CON jaialdian Joanes aurkezteko zain.

'Atsekabe handiz hartu nuen albiste hura. Horri kiratsa dario, edo antzeko zerbait esan nuen orduan', adierazi du euskal artistak aurrekontu murrizketaren gainean.

New Yorkeko komiki jaialdi horretan 100.000 lagunetik gora biltzea espero dute; izan ere, era horretako bilkura garrantzitsuenetakoa da. Beraz, erakusleiho ezin hobea izango dute bertan, pertsonaia hori ezagutzera emateko.

Guillermo Zubiaga The Flying Whaleboat komikiaren jarraipena aireratzeko azken lanak egiten ari da azkenaldian Euskal Ikasketen Zentroko editorearekin. Joanesen abenturak hiru komikitan kaleratuko dituzte, eta bigarrena izango da egunotan esku artean dutena. Euskal artistaren esanetan, bigarren kapitulu hori berehala eramango dute inprentara.

‘Ez dut uste Renon lehen kapituluarekin egin genuen moduko aurkezpen formalik beharko denik. Baina New Yorkeko komiki jaialdia izan liteke horren aurkezpen sonatuena egiteko', Zubiagaren iritzian.

Artista bizkaitarraren arabera, bigarren honek inflexio-puntua jarriko du kontakizunean: 'Bestela esanda, klimax edo tentsio goreneko puntua helduko da bertan, amaiera iritsi aurretik'.

The Flying Whaleboat komikia Joanesek eta eskifaiak zorigaiztoko patuari aurre egiterakoan zein arriskuri egingo dioten aurre argitu barik amaituko da. ‘Bigarren kapituluan, protagonistaren bidaia pertsonala eta antiheroi izatetik benetako heroi izatera iristeko aldaketa jasotzen da’, egilearen esanetan.

Bigarren kapitulu honek euskal merkatariek indioekin zituzten harreman onak ere erakutsiko ditu. 'Lagunarteko harreman horrek euskal baleazalea bihotz oneko eta zuzen moduan erakusten du, eta horrek are gehiago idealizatu du haren irudia', euskal komikigilearen aburuz.

New Yorkeko komiki jaialdia hasteko hilabete falta denean, egilea Joanesen abenturak jasoko dituen hirugarren eta azken kapitulua prestatzen hasi da: 'Bide-orria eginda daukat jada, eta urtea amaitu baino lehen zirriborroak arkatzez eginda izan nahi ditut. Hori egin eta gero, gainerakoa lan erraza da'.