Itxi

kultura

Uztailaren 16tik 19ra

Gasteizko Jazzaldia, kontzertu oso txikiak lau egunetan

Agentzia | Erredakzioa

Jaialdiaren atzerapena saihesteko, Jazz VG kluba antolatu dute The Garage aretoan. Kontzertu bikoitzak eskainiko dituzte bertan, 200 pertsonaren aurrean.

  • Gasteizko Jazzaldia. Artxiboko argazkia: EFE

    Gasteizko Jazzaldia. Artxiboko argazkia: EFE

44. edizioaren atzerapenari aurre egiteko, datorren astean (uztailaren 16tik 19ra) kontzertu oso txikiak antolatzea erabaki du Gasteizko Jazzaldiak, jarraitzaileek jazz dosi txikiez gozatu ahal izateko.

Jazzaldiko arduradunek eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak ostiral honetan iragarri dutenez, jaialdiaren atzerapena saihesteko, Jazz VG kluba egingo dute Gasteizko The Garage aretoan. Kontzertu bikoitzak eskainiko dituzte bertan, 200 pertsonaren aurrean, ostiraletik igandera bitartean, 20:00etatik aurrera.

Aldez aurretik, ostegunean (uztailak 16), kontzertua emango dute Santa Katalinako lorategi botanikoan. Hala ere, gonbidapena beharko da bertara sartzeko.

Egun horretan, Triology taldearen jazz berritzailea entzuteko aukera izango dute jarraitzaileek, baita Lara Vizuete kantari, pianista eta biolontxelo-jotzailea ere. Vizuete tokia egiten ari da Espainia mailan.

Ostiralean (uztailak 17), The Garage aretoan, Ruben Salvadorren laukoteak konposizio propioak eta klasiko zaharren moldaketak eskainiko ditu.

Emanaldiaren bigarren zatian, Jazz VG klubak Carlie Parkerri omenaldia egingo dio haren mendeurrenean, Ernesto Aurignac Europako eta nazioarteko saxofonista garrantzitsuenetakoaren eskutik. Lirismoa izango da protagonista indar handiko kontzertuan, antolatzaileek ohar batean iragarri dutenez.

Larunbatean, Noa Lur abeslari bilbotarrak hartuko du lekukoa. Estoniako Nomme Jazz Nazioarteko Jaialdian ahots gazte onenaren saria jaso zuen. Besteak beste, Bobby McFerrinen eta Troublemakerren hasierako kantaria izan da.

Ondoren, Javier Moreno kontrabaxu-jotzailearen In Sides diskoan oinarritutako kontzertu batekin jarraituko du emanaldiak.

Igandean (uztailak 19), Galiziako bi musikarik amaiera emango diote Jazzaldiari: Abe Rabade pianista eta musikagileak emango dio hasiera gauari, eta Baldo Martinezen taldeak Vientos cruzados aurkeztuko du ondoren.

Kontzertuak osasun berme guztiekin emango dituzte. Horregatik, distantzia soziala bermatzeko, 200 pertsonako langa jartzea erabaki dute.

Hala ere, emanaldietara sartzeko aukerarik ez duten jarraitzaileentzat, kontzertuak streaming bidez eskainiko dituzte www.jazzvitoria.com webgunean. Sarrerak salgai daude dagoeneko.