kultura
Matrikulazio kanpaina
Segurua eta kasu gehienetan doakoa izango da Euskaltegien eskaintza
EiTB.EUS
Indarrean dauden osasun-neurriak bermatuko dituzte euskaltegiek. Gainera, B2ra arteko ikasketetan, dagokien maila gainditzen duten ikasleek bueltan jasoko dute matrikularen dirua.
-
Gasteizko AEK Zadorra euskaltegia. Argazkia: Irekia.eus
2020-2021 ikasturteko euskaltegietako matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur, Gasteizko AEK Zaldorran, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.
"Euskara ikasteko zure formula" leloa aukeratu dute oraingo honetan, ikasleei eskaintza zabalagoa eta malguagoa emate aldera, euskaltegiek egin duten esfortzua gogora ekarriz. Gainera, Euskadiko euskaltegien sarea koordinatzen duen HABE erakundea buru-belarri ari da lanean, ikasleak ikasketa prozesuan seguru senti daitezen.
"Ikasleak ikasgeletara itzultzea da euskaltegien apustua, eta haiei inoizko eskaintza zabalena ematea. Horrekin lortu nahi duguna da ikasleak seguru sentitzea, eroso, eta ikasketa prozesuan erraztasun guztiak izatea. Horregatik, B2ra arteko mailatan euskara doan ikasiko dute ikasleek, betiere, dagokien maila gainditzen badute. Horrenbestez, euskara ikastea segurua, erosoa, malgua eta kasu gehienetan doakoa izango da", Zupiriak azpimarratu duenez.
Osasun baldintzak
Euskaltegi guztiek indarrean dauden osasun-neurriak kontuan hartuta, COVID-19ari aurre egiteko planak gauzatuko dituzte. Hain zuzen ere, zentro bakoitzak kontingentzia plan bat ezarriko du, arau guztiak betez.
Doakotasuna
Ikasleek dagokien maila gainditzen baldin badute, matrikularen dirua jasoko dute bueltan. Eusko Jaurlaritzak zein beste erakunde batzuek egindako ekarpenei esker, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte. Horretarako, ordea, ikasleek bi baldintza bete beharko dituzte: eskolen % 75era joan eta dagokien maila gainditu beharko dute.