Itxi

kultura

IKUSKIZUNAK

Hiru ikuskizunek girotuko dituzte Bilboko gauak asteburuan

EITB.EUS

#BilbaoAurrera ekimenak aurrera jarraitzen du. 20:00etatik 22:30era Yimby eta Bizkaia Aretoa UPV/EHU eraikinak eta Abandoibarreko farolak argiztatuko dituzten hiru ekitaldi antolatu dira.

  • Beste urte bateko Itsasargiak instalazioa Abandoibarrean.

    Beste urte bateko Itsasargiak instalazioa Abandoibarrean. Argazkia: Bilboko Udala

Bilboko Udalak #BilbaoUdazkena2020 ekimenarekin jarraitzen du, eta astebururako, urriaren 16 eta 17ko gauetarako, argi ikuskizunak antolatu ditu Ertzilla kaleko Yimby eraikinean eta Bizkaia Aretoa UPV/EHU eraikinean. Ekitaldiekin batera, Itsasargiak instalazioa bere koloretako argiekin itzuliko da Abandoibarreko faroletara.

Ez da sarrerarik beharko ekitaldietara sartzeko, aire zabalean egingo baitira. Hala ere, Udalak ohartarazi du derrigorrezkoa izango dela une oro higiene, osasun eta segurtasun arauak betetzea, eta jende-pilaketak saihestea gomendatu du.

Asteburuko ikuskizunak #BilbaoAurrera Bilboko Udalak pandemiak kultur sektorean izan dituen ondorioak arintzeko asmoz abian jarri duen ekimenaren parte dira. Izan ere, koronabirusaren egoerak gehien kaltetutako kolektiboetako bat da kultura, eta, horregatik, udazken honetako kultur eskaintzak tokian tokiko izaera izango du.

Hauek dira ostiralean eta larunbatean, 20:00etatik 22:30era, hirian egingo diren hiru ekitaldiak:

Tilin talán

Argiztapena, bideomappinga eta soinua konbinatzen dituen instalazioa da, ikusleek elkarri eragiteko. BideoJockey batek momentuan sortutako irudiak izango ditu. Yimby eraikinaren fatxadaren gainean proiektatuko da.

Next in line

Asier Zabaleta koreografoaren bideodantza pieza Bizkaia Aretoa UPV/EHUren aurrealdera egokituko da. Piezari bizia eman dioten dantzariak Chelyabinsk Contemporary Dance Theater errusiar konpainiakoak dira.

Itsasargiak

Abandoibarreko farolak koloretako iragazkiekin argiztatuko dira, itsasargiak balira bezala.