Itxi

kultura

KORONABIRUSA

Bizkaia Arenak bertan behera utzi du Alkarregaz zikloa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Edukiera murrizteko azken neurriak eta egoera soziosanitarioaren "ziurgabetasuna" direla-eta hartu dute erabakia antolatzaileek.

  • Bizkaia Arena pabiloia hutsik.

    Bizkaia Arena pabiloia hutsik. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

BECeko Bizkaia Arenak bertan behera utzi du hamar bat emanaldirekin, urriaren 24tik (larunbata) abenduaren 19ra bitartean antolatutako Alkarregaz zuzeneko ikuskizunen zikloa, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren egoeraren aurrean hartutako azken neurrien ostean.

BECek azaldu duenez, estalpeko ikuskizunetan gehienez ere 400 pertsona biltzeko aukera ematen duten edukiera murrizketek eta egungo egoera soziosanitarioaren "ziurgabetasunak” ziklo osorako planteatutako formula “bideraezin egin dute”.

Alkarregaz hasiera batean 600 pertsonako edukierarekin eta publiko heterogeneoari zuzenduta abiatu zen. Emanaldien artean, besteak beste, Pablo Milanes, Derby Motoreta's Burrito Kachimba, Depedro eta Triangulo de Amor Bizarro zeuden.

Sarreren zenbatekoa datozen 72 orduetan itzuliko da automatikoki.

BECek Bizkaia Arenak zuzeneko ikuskizunak suspertzeko duen konpromisoa azpimarratu du, eta, "testuinguruak baldintza egokietan lan egitea ahalbidetzen duenean, artistengan, hornitzaileengan eta sektoreko profesionalengan eragin positibo zuzena duten ekimenak lantzen jarraituko du".