Itxi

kultura

Elkarrizketa

"Egiten ari garenari buruz sakon hausnartzeko behar dugun zaplada da 'Ama Kuraia'"

Natxo Velez | eitb.eus

Maria Goricelayaren zuzendaritzapean, Arriaga Antzokiak “Ama Kuraia” Bertolt Brechten obra estreinatuko du, urriaren 22an euskaraz eta astebete geroago gaztelaniaz.

  • Maria Goiricelaya

    Maria Goiricelaya da Brechten obraren bertsio honen zuzendaria

Martxoan zen estreinatzekoa “Ama Kuraia” Bertolt Brechten antzezlana Arriaga Antzokian, Bilbon, Calixto Bieito zuzendari artistikoak Brechten lan bat oholtzaratzeko zuen tema biziaren emaitza. Azkenean, baina, pandemiaren ondorioz atzeratu eta gero, urriaren 22an iritsiko da euskaraz “Ama Kuraia eta bere seme-alabak” aleman poeta eta antzerkigileak 1941ean estreinatu zuen lana.

Martxotik hona, gauza asko gertatu dira, mundua orain oso bestelakoa dela esan da etengabe, baina gauza asko, funtsezkoenak agian, apenas ditu mudatu koronabirusak egunerokoan, Hogeita hamar Urteko Gerrak, Bigarren Mundu Gerrak edo Irakeko Gerrak aldatu ez zituzten bezala. Hor diraute atergabe, gizatasuna likisten, gerra orok berekin dakarren ankerkeriak, biktima zuzen eta zeharkakoen sufrimenduak, materialismoak eta gizakiaren bizirauteko sen errukigabeak, besteak beste.

Maria Goiricelaya zuzendariak luxuzko antzeztaldea izan du alboan “Ama Kuraia” hau, Arriaga Antzokiaren produkzio berria, taularatzeko: Ione Irazabal (euskaraz) eta Itziar Lazkano (gaztelaniaz) izango dira Ana Fierling protagonista, eta beraiekin batera arituko dira Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Díez, Aitor Borobia, Adrián Garcia de los Ojos, Mikel Martínez eta Idoia Merodio.

“Ama Kuraia” urriaren 22tik 24ra izango da ikusgai euskaraz, Kepa Errastik euskarara ekarritako testuarekin, eta urriaren 29tik azaroaren 1era gaztelaniaz, Arriaga Antzokian. Goiricelayarekin hitz egin dugu antzezlanaz eta Bertolt Brechten dramaturgiaz gehiago jakin nahian.

Zergatik aukeratu duzu, hain zuzen ere, “Amaia Kuraia eta bere seme-alabak” egokitzea?

Egia esan, ez zen nire ideia izan, Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoarena baizik. Berak proposatu zidan, bilera batean, pieza honi ekitea. Argi zuen Bilbok “Brecht bat” behar zuela eta “Ama Kuraia” pieza bikaina zela hiri honetarako, gaur-gaurkoa delako eta indarrean dagoelako oraindik. Erabat ados nago berarekin.

Argazkia: Eva Guerrero

Nola definituko zenuke Brechten dramaturgia?

Esango nuke Brechten dramaturgiaren ezaugarri azpimarragarriena “urruntze efektua” deritzona dela, ikuslearen eta ekintza eszenikoaren arteko identifikazioa desegiten duen efektua. Bere dramaturgiak rol aktiboa eskatzen dio ikusleari, eta irakaspen politiko eta pedagogikoa helarazi nahi dio.

Bere obra birpasatzen badugu, ikusiko dugu dramaturgia ia guztiak lotura duela bizi izan zuen garaiko dialektika marxisten ikusmoldearekin eta marko sozial eta politikoarekin. Hor datza “antzerki epikoaren” jaiotza, “dramatikoaren” aurrean. Brechten dramaturgiaren ekarpen nagusietakoa da, nire ustez: stanislavskitar drama errealista tradizionalarekin hautsi zuen, gogoeta sakonak eskatzen dituen antzerki bat proposatzeko, zeinak analisira bultzatzen baitu, eszenaz haraindi, eta ikusleari zuzentzen baitzaio, bere mundu ikuskerari dagozkion erabakiak hartzera behartzeko.

 “Ama Kuraia eta bere seme-alabak” lanaren zein elementu errespetatu dituzu eta zein eraldatu dituzu zure bertsiorako?

Testuaren egitura epiko eta dramatikoa errespetatu dugu, baina hainbat aldaketa egin ditugu ikusleak proposamen garaikideago batean murgildu ahal izan dezan. Adibidez, gerra deslokalizatu egin dugu, gatazka armatuen unibertsaltasuna islatzeko ahalmena duen espazio distopiko batean kokatzeko. Erreferentzia batzuk utzi ditugu, baina gerrak betiereko gatazka soziopolitikoak direla utzi nahi genuen agerian.

Argazkia: Eva Guerrero

Gerrak egiteko modua asko aldatu da Brechtek antzezlana idatzi zuenetik eta are gehiago berori kokatuta dagoen Hogeita hamar Urteko Gerra (XVII. mendea) egin zutenetik. Zer ez da aldatu, funtsean, aldaketak aldaketa? Zergatik errepikatzen da historia?

Historia errepikatzen da, gerrak funtsean betiko gauza bera direlako oraindik ere: indarkeria maila muturrekoa erakusten duten liskar larriak. Nazioarteko harremanen modurik zaharrena. Ez dago besterik.

“Ama Kuraia”k, esaterako, erlijio gerra bat (katolikoak protestanteen aurka) du ardatz, baina pertsonaietako batek ondo baino hobeto azaltzen du gerraren ironia testuan bertan, honakoa esaten baitu: “Honetan, su ematen da, tiro egiten da, arpilatzen da, hiltzen da eta bortxatzen da, baina gerra guztiak ez bezalakoa da hau, erlijio gerra bat delako, hori argi dago”. Gezurkeria.

Gerra guztiak berdinak dira, bakoitzaren jatorria gorabehera. Eta Brechtek ederto islatzen duen bezala, arrazoiak ekonomikoak, ideologikoak, lurralde mailakoak edo erlijiosoak izan, garapena eta emaitza beti da bat: izua, sufrimendua, biktimak, heriotzak, bizirik ateratzeko borroka, kalte konponezinak…

Argazkia: Eva Guerrero

Obra euskaraz eta gaztelaniaz taularatuko da. Zer alde dago bi bertsioen artean?

Diseinua berdina da bi lanetan; espazio eszenikoa, jantziak, musika, dena. Interpretazio ezberdinetan datza ñabardura. Euskaraz, Ione Irazabal da ama, eta gaztelaniaz Itziar Lazkano. Antzerkiko damak dira biak, erraldoiak esango nuke, eta, kasu honetan, pertsonaiari ekiteko modu ezberdinek alderatzen eta aberasten dute bertsioetako bakoitza. Beraietako bakoitzak bere Ana Fierling aurkitu du, eta uste dut hori oso polita dela bai publikoarentzat bai antzeztaldearentzat, gainerako pertsonaiek harreman ezberdina baitute biotako bakoitzarekin.

Iñaki Urrutiak eta Mikel Martinezek ere paper bera egiten dute, predikatzailearena, erdaraz eta euskaraz hurrenez hurren, eta uste dut alde hori ere azpimarragarria dela. Oso energia ezberdinak dituzte, eta pertsonaia hori eraikitzeko erabili dituzten ikuspegi pertsonalek freskotasuna eman diote piezaren garapenari. Nire aburuz, aldaketa horien ondorioz, ikuskizunak oreka bizi bikaina du bi hizkuntzetan.

Istorio “gogor eta lehorra” bilatu duzu. Zer eskatu diezue aktoreei eta Jose Luis Raymond eszenografoari, bide horretan?

Aktoreekiko lanari dagokionez, alde “gogor eta lehor” hori leitmotiv orokor gisa ezarri genuen lehen bileretatik bertatik. Ia guztiek ezagutzen zuten lana, eta gertukoa zuten Brecht; beraz, hasiera-hasieratik landu genuen “Ama Kuraia”ko giro lodi eta anker hori, eta beraiek oso argi zuten entseguak abiatu genituenetik.

Eszenografiari helduta, Raymondek eta biok bilera asko egin ditugu, pieza ikoniko hau adjektibo horietatik abiatuta altxatzeko moduaz hitz egin eta eztabaidatzeko. Gerrak ukitzen duen oro jaten duela erakutsi nahi genuen plastikoki. Eta euskal eskulturaren konfigurazio berria ere presente egotea nahi genuen; uste dut Raymonden diseinu piloa oso ondo zeudela. Azkenean, hau aukeratu genuen: idorra eta gure kulturaren kutsua duena.

Argazkia: Eva Guerrero

Musika asko landu duzue. Nola egin duzue lan Jon Agirrezabalarekin alor hori? Zer eman dio azken emaitzari?

ZABALAren lanarekin berehala maitemindu nintzen. Elkarrekin lan egin dugun lehen aldia izan da, eta lehen bileran ideia azaldu nionean, Jonek bikain hartu zuen berehala. Oso argi zuen tonu orokorra, zer giro sor genitzakeen eta nola egin.

Lanean hasi zen, eta, nahiz eta gauza batzuk aldatu eta kantuak gehitu ditugun, bere lehen konposizioaren zati batzuk ezer ukitu barik iritsi dira amaierara. Paul Dessauren libretoaren kantu batzuen egokitzapena zoragarria da, eta Jonek “Ama Kuraia” honetako eszena musikalak bere proiektu elektroniko anbientaletik abiatuta betetzen jakin du.

Bere ondoan, Ibon Aguirre soinuaren arduradunak ere lortu du antzezlana ikuskizunean zehar hara-hona eramaten gaituzten giro txiki eta handiak sortzen eta detailez janzten. Bikain aditu dute elkar, eta uste dut hori asko igartzen dela jario orokorrean eta piezaren emaitza musikal eta anbientalean. Proposamen honek eskatzen zituen garaikidetasuna eta pisua eman diote biok ikuskizunari.

Nola landu duzu oreka ikuslea hunkitu baina, aldi berean, obrari buruz gogoeta egin ahal izan dezan, berorrek abduzitu barik?

Nire ustez, edozein hunki daiteke Brechtekin, hunkiduratzat hartzen badugu estimulu baten aurreko erantzun psikofisiologikoa, zerbaiten parte izateak eragiten duen interes hori.

Hunkitzea asaldatzearekin lotuta dago, kezkarekin, zirrararekin. Kontua da batzuetan “emozioa” “malkoarekin” lotzen dugula, antzerkiak enpatia sentitzera eta negar egitera bultzatzeko duen moduarekin, eta ertz horretan ikuslearen papera zailagoa da Brechten antzerkian. Funtsean, antzerkia ulertzeko zuen modua eta bere dramaturgia antzerkia ulertzeko modu horren aurkakoak dira.

Zuzendari bezala, ikuslea hunkitzea izaten da beti erronka, eta, nahiz eta zuzendu ditudan ia ikuskizun guztietan enpatia hori, bihotzondoa laztantzen digun istorio hori, bilatu dudan, oraingoan ezberdina da laztan hori, nire ustez: pizgarria, zuzena eta geldigaitza. Ez du katarsi aristotelikorik eragiten, antzerkira joaten garenean bilatzen duguna eta nik izugarri atsegin dudana; gizakiok egiten ari garenari buruz sakon hausnartzeko behar dugu zaplada hori da “Ama Kuraia”.