Itxi

kultura

Koronabirusa

Joan naiteke kultur ekitaldi batera Euskal Herrian?

eitb.eus

Lurraldean lurraldeko agintariek koronabirusari aurre egiteko ezarri dituzten neurriek eragina dute zuzeneko ikuskizunetan.

  • Robert Treviño

    Robert Treviño zuzendari titularra, Euskadiko Orkestrako musikariak zuzentzen

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriak egoeraren arabera aldatzen ari dira han-hor-hemen, eta Euskal Herriko administrazio bakoitzak neurri ezberdinak ezarri ditu COVID-19aren bigarren olatuari aurre egiteko.

Kultura ekitaldiei dagokienez, hasierako zehazgabetasunaren aurrean, ematen du agintaritza bakoitzak eman dituela dagoeneko, urriaren 29an gaudela, bere jardunbidearen berri.

Euskal Autonomia Erkidegoan, ikuskizuna egingo den herrietako eta udalerri mugakideetako biztanleak bertaratu ahalko dira kultura ekitaldietara, joan-etorria sarreraren bidez justifikatuta, Eusko Jaurlaritzak argitaratu duenez.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, kultura jarduerak eta ikuskizunak baimenduta daude espazio itxietan, gehienezko edukiera % 50ekoa bada eta gehienez 400 pertsonarekin (aire librean, edukiera % 50ekoa izan behar da, gehienez 600 pertsona), EAEko Aldizkari Ofizialean asteartean, hilak 27, argitaratu zuten dekretuaren arabera.

Nafarroari dagokionez, lurralderako sarrera-irteerak debekatuta badaude ere, lurralde barruko mugikortasuna librea denez, murrizpen hauetara egokitzen diren ikuskizunetara bertaratzea badago: museo, erakusketa-areto, monumentu eta bestelako kultur ekipamenduetan edukiera % 30ekoa izango da, eta gehienez 21:00ak arte egongo dira irekita; liburutegietan edukiera % 30ekoa izango da, eta gehienez 21:00ak arte egongo dira irekita; zinema, antzoki eta auditorioetako jarduerek aurrez esleitutako eserlekuak izango dituzte, edukieraren % 30era arte, ezingo dira 200 pertsona baino gehiago sartu eta 21:00ak arte egongo dira irekita gehienez; eta aire libreko jarduera kulturaletan % 30eko gehienezko edukiera errespetatuko da, gehienez ere 100 pertsonako mugarekin.

Nolanahi den, kontuan hartu behar da Nafarroan kultura ekitaldiak hartzen dituzten lokal asko, hala nola tabernak, itxita egongo direla gutxienez azaroaren 9ra arte.

Esan gabe doa derrigor 06:00etatik 23:00etara artekoak izan behar direla ikuskizunak EAEn eta Nafarroan, mugikortasuna galarazita baitago gauez.

Ipar Euskal Herrian, konfinamendua egongo da ezarrita urriaren 30etik aurrera, gutxienez abenduaren 1era arte, Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak atzo, urriak 28, iragarri zuenez. Beraz, ezingo da kultur ekitaldietara bertaratu ezein kasutan.