Itxi

kultura

Martxoak 9-28

Erreferenteetatik abiatuta, proposamen berritzaileak plazaratu nahi ditu Loraldiak

N. V. | EITB Media

Loraldia Festibalaren zazpigarren edizioa martxoaren 9tik 28ra egingo dute, “Sormenari zor” lelopean.

1:19
Loraldia

Loraldia Festibalak atzera eta aurrera begira jarraituko du, zazpigarren edizioan, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia, Agustin Xaho eta beste hainbat erreferenterengandik abiatuta Idoia Asurmendi, Olatz Salvador, Ainhoa Urgoitia, Zetak, Garazi Etxaburu eta beste sortzaile gazte batzuen sormen lanetara.

On line egindako aurkezpenean azaldu dutenez, aurtengo edizioan antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema, artea eta bertsolaritza izango dira presente, eta, berrikuntza moduan, rol jokoek eta kabaretak ere tokia izango dute programan.

Osasun krisia dela eta, baina, emanaldien bertatik bertarako ikusle kopurua mugatuta egongo da, noski, eta eitb.eus-ek bi ekitaldi zuzenean eskainiko ditu, nonahi ikusi ahal izateko: martxoaren 17an, Haatik Dantza Konpainiak “mugimendua emango dio bertsoari”: Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi eta Odei Barroso bertsolarien errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren Bandak jantziko ditu bertso garaikide eta tradiziokoak, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diote ahotsa.

Bigarrena martxoaren 20an izango da, “Bozak. Emakumea eszenan”. Olatz Salvadorrek eta Idoia Asurmendik “emakumeak eta eszena” solasaldian parte hartuko dute, Maddalen Arzallusek gidatuta, eta elkarrekin abestuko dute.

Literaturaren arloan, Mikel Ayllon, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Antxiñe Mendizabal, Bigara bikotea, Mikel Antza eta Karlos Linazasoro idazleak izango dira, besteak beste, Loraldian, denetariko irakurraldi, aurkezpen eta bestelakoak egiten.

Musikari dagokionez, Haizea Martiartu jazz musikaria, Zetak musika taldea, Ihintz Potorena, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi eta Basabi taldea arituko dira, eta, bertsolaritzaren esparruan, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria eta Oihana Iguaran entzuteko parada izango da, Xabier Lete eta Etxahun omentzen, besteak beste.

Dantzak ere izango du bere tokia Loraldian: Pantxika Telleria koreografoa, “Tradizioa eta dantza” mahai-ingurua, Haatik konpainiaren ikuskizuna, Txak Txak klakea, txalaparta eta pianoa uztartzen dituen ikuskizuna, Garazi Etxaburu…

Eta zinemaren esparruan, “Bizimina” film laburra, “Margolan bat oparitzen didazu?” dokumentala, eta “Zumiriki” Oskar Alegriaren lana eskainiko ditu Loraldiak.

Hori eta askoz gehiago eskainiko du programan Loraldia Festibalak, Bilbon, hogei egunez.