Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 5

#FilmEsaldia 'hashtag'-a, Durangoko Azokako Kabi@ abiatzeko

Erredakzioa

Astelehen honetan inauguratuko dute Kabi@ espazio berria. Sare sozialak erabilita, #FilmEsaldia ipuin inprobisatuaren joan-etorria erabakiko dute azokako bisitariek.

02:00
Teknologia berriak Durangoko Azokara iritsi dira

Durangoko Liburu eta Disko Azokak bigarren eguna bizi du gaur, eta bi espazio inauguratuta ekingo dio jardunaldiari. Haur Literatura Aretoak 10:00etan irekiko ditu ateak, ''kultur adierazpen berriak'' aztertzeko.

Ordubete geroago, Kabi@ espazio berriaren estreinako ekitaldia egingo dute. Sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekimenei zuzenduta dagoen proiektu berria da Kabi@, eta #FilmEsaldia ipuin inprobisatuarekin abiatuko du ibilbidea.

Ander Lipus aktoreak, azokara gerturatzen diren bisitarien laguntzarekin, ipuin kontaketa interaktiboa eta inprobisatua egingo du. Sare sozialak erabilita, kontakizunaren joan-etorriak bisitariak berak erabakiko ditu. 19:00etan egingo dute ipuin interaktiboaren kontaketa, Kabi@n bertan. Eguerdi aldean, liburu elektronikoari buruzko mahai-ingurua izango da espazio berri honetan, Gurebook.com atariaren eskutik.

Gaur ere, musikaz gozatzeko aukera eskainiko digu Ahotseneak, eta emanaldi guztiak zuzenean eskainiko ditu eitb.com-ek. 11:00etan, Entzun 2011 eta Entzun! disko eta liburu atari berria aurkeztuko dituzte, eta, jarraian, Ze Esatek taldea arituko da bertan, zuzenean. 15:30ean, Sparteens taldekoen txanda izango da.

Aretoan, Galiziako kulturari egingo diote lekua, 'Galegoz eta euskaraz, Galiziaz eta Euskal Herriaz…' berriketaldiarekin. Dario Xohan Cabana idazle galegoak eta Pako Aristi euskaldunak idazteaz eta hizkuntza bietan literaturak bizi duen egoeraz solasaldia konpartituko dute. Euskal Herrian bizi den Xose Estevez idazle galiziarra izango dute zirikatzaile.