Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 6

Irudiena gune berriak ateak ireki ditu Durangoko Azokan

Erradakzioa

Basaki, Lain eta Hesian taldekoen zuzenekoek beteko dute Ahotsenea, antzerki maratoia egingo dute Szenatokian eta euskarazko wikipediaren urtemuga ospatuko dute.

02:02
Irudiena gune berriak ateak zabaldu ditu Durangoko Azokan

Durangoko 46. Liburu eta Disko Azoka bere ibilaldiaren erdira iritsi da. Hirugarren egun honetan, aurtengo berrikuntzetan azkena inauguratuko dute: Irudiena espazio berria.

Euskarazko ikus-entzunezkoen proiektuak aurkezteko gune berria da Irudiena, eta erakustazoka ondoan egokitu dute aretoa, autobus batean. Inauguratu ondoren, 12:00etan, Zinema Euskaraz programako pelikulekin gozatzeko aukera izango da bertan. eitb.com-en ere ikusgai dagoen programa horren helburua herritarrei zinema euskaraz hurbiltzea da, eta zortzi orduko emanaldia egingo da Azokan, etenik gabe, autobus horretan.

Txikienek ere euskarazko zinemaz gozatzeko aukera izango dute astearte honetan Durangoko Azokan. Haur literatura aretoan, 11:00etatik aurrera, 'Tintiman en Durango' umeentzako film laburraren emanaldia egingo dute, karabana magiko batean.

Ordubete geroago, hainbat CD eta DVD berri aurkeztuko dituzte bertan, tartean Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazoen lan berriarena.

Amaitzeko, arratsalde partean, ipuin kontaketa berezia egingo dute bertan hainbat idazle galegok eta euskaldunek.

Musikarekin hitzordua ez da faltako astearte honetan Azokan. Ahotsenean, Lain (11:00), Basaki (13:30) eta Hesian (19:30) taldekoen zuzenekoak izango dira. Literatura munduak ere txoko berezia izango du bertan: 12:30ean, Unai Elorriagaren eta Irati Jimenezen artikuluen bilduma aurkeztuko dute; eta, 16:00etan, Goizalde Landabasok 'Branskit' liburua aurkeztuko du.

Eguna bukatzeko, antzerki maratoia izango da Szenatokian. 19:00etatik aurrera, Higa, Morritson eta Gartzia, Metrokoadroka eta Karrika arituko dira bertan.