Itxi

kultura

Koronabirusa

Euskal abesbatzek entseguak berreskuratzeko eskatu dute EAEko hiriburuetan

EITB Media | Agentziak

Abesbatza ez-profesionalek 2020ko azarotik daramate entseatu ezinik. Koruetako kideek Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin dute manifestazioa, irtenbide bat eskatzeko.

1:0
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Euskal Herriko koruetako ordezkariek manifestazioak egin dituzte gaur EAEko hiriburuetan, Eusko Jaurlaritzari “entseguak egiteko baimena galdegiteko”. 2020ko azaroan debekatu zituzten kantari amateurren entseguak, covid-19aren pandemia tarteko.

“Segurtasun neurriak errespetatuz gero, abestea segurua da”, azpimarratu dute Euska Herriko abesbatzek manifestu batean. Gainera, pandemiaren kontrako segurtasun protokolo guztiak betetzeko prest agertu dira idatzian.

Esther Zarraga Bizkaiako Abesbatzen Federazioaren zuzendaritzako kideak azaldu duenez, entseatzeko debekuak koro afizionatuei eragin die soilik, profesionalek biltzeko baimena baitute.

Bilbon, hainbat koraletako kideak Arriaga plazan bildu dira, “Kantuz bai, isilik ez” lelopean. Bertan, Euskal Herriko abesbatzen manifestua irakurri dute eta honako azpimarratu: “Kantatzeko nahia eta beharra daukagu”.

Bestalde, koru askoren ateak “betirako” itxi direla salatu eta “familia asko” abesbatzen zuzendarien soldatatik bizi dela azaldu dute manifestariek. Azkenik, nabarmendu dute covid-19az kutsatzeko arriskurik balego segurtasun neurri bereziak hartuko lituzketela, eta “abesatzetan kantatzeko aukera ez debekatzeko” eskatu dute.