Itxi

kultura

BIZKAIA

Guggenheim Museoak egoitza bana eraiki nahi ditu Gernikan eta Muruetan

EITB MEDIA

Plan berriaren arabera, Gernikako Dalia lantegi zaharraren lursailean eta Muruetako ontziolan eraikiko dituzte bi egoitzak, eta bide berde batek lotuko ditu.

1:10
Gernikako Dalia lantegi zaharra. Argazkia: EITB Media

Juan Ignacio Vidarte zuzendariak Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira hedatzeko plan berria aurkeztu du arratsalde honetan Fundazioaren Patronatuaren aurrean, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.

Proiektuak bi egoitza aurreikusten ditu: bata, Gernikan, Dalia lantegi zaharra dagoen lursailean; eta bestea, Muruetako ontziolan. Bi eraikinak bide berde baten bidez lotuta egongo lirateke. 

Eusko Jaurlaritzak zerrenda bat egin du Europar Batasunaren diru-laguntzak jasotzeko hautagai diren egitasmoekin, eta horien artean dago Urdaibaiko Guggenheim Museoa.

Patronatuak ohar batean azaldu duenez, "museo eredu berri bat izango da, ekoizpen artistikoa, ekologia, teknologia, lotura soziala eta ikerketa uztartuko ditu, bisitariari esperientzia berri bat eskainiko dio eta Bilboko Guggenheim Museoaren osagarria izango litzateke".

Halaber, egoitza berriak eraikitzeko plana egiterakoan Urdaibairen edertasuna eta ingurumena kontuan hartu dutela esan dute, eta proiektuak hiru oinarri izango dituela zehaztu dute: "pasaiaren eta artelanen arteko elkarrizketa aktiboa, sorkuntza eta erakusketak".

Egitasmo honen helburua Guggenheim Museoak hasieratik erakutsi duen "aitzindaritzari eta lidergoari eustea" dela adierazi dute.  

Horrez gain, Patronatuak azpimarratu du proiektu honek eskualde horretako "jarduera ekonomikoa suspertzea" ekarriko duela, "Urdaibaiko ingurumena errespetatuta".