Itxi

kultura

Urdaibaiko Guggenheim

Vidarte: "Guggenheimen zabaltzea Europako funtsak lortzearekin lotuta dago"

N. V. | EITB Media

Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendariaren esanetan, proiektu fasean dago oraindik museoa Urdaibaira handitzeko asmoa, eta gaur egun ez duten finantzazioa behar da egitasmoa burutzeko.

  • Juan Ignacio Vidarte, Guggenheimen zuzendaria

    Juan Ignacio Vidarte, Bilboko Guggenheimen zuzendaria

Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendariak gaur esan duenez, "bidea du oraindik egiteko" museoa zabaltzeko proiektuak. "Urratsak" daude egiteko, haren hitzetan, eta horietako lehena da "gaur egun ez duen finantzazio azpiegitura bat" lortzea.

Bilbon erakusketa berri bat aurkeztu eta gero, museoa Urdaibaiko erreserbara hedatzeko asmoa hartu du hizpide Vidartek, Eusko Jaurlaritzak egitasmo hori Next Plan zerrendan, Europaren Next Generation funtsak jasotzeko proposatutako proposamenen artean, sartu eta gero.

Bilboko Guggenheimen zuzendariak adierazi du ekimenean jaso dutena erakundearen arduradunek "nahiko genukeena" dela eta garapen maila jakin bat duela egitasmoak, baina proiektua dela oraingoz. "Oraindik, patronatuak berak ere ez du onartu, berez", baieztatu du.

Vidarteren hitzetan, museoa zabaldu ahal izateko "finantzazio egitura bat" behar da, "eta lortu nahi dugun finantzazio egitura horretara iristeko bide orria Next Generation Europako planaren barruan funtsak lortzeko prozesuarekin lotuta dago".