Itxi

kultura

Erakusketa

Errefuxiatuen errealitate latzei beha, Zarauzko Photomuseumean

N. V. | EITB Media

Andoni Lubaki, Diego Ibarra, Santi Palacios, Ricardo Garcia Vilanova, Javi Julio, Daniel Castro, Juantxo Egaña, Jesús Elosegui, Philippe Gaussot eta Arkaitz Saizen lanak, "Errefuxiatuak" erakusketan

  • "Errefuxiatuak" erakusketako argazki bat

    Jesus Elosegui Aranzadiren lan hau biltzen du erakusketak, besteak beste

"Errefuxiatuak. Herrimina, Memoria eta Erbestea" erakusketa irekiko dute bihar, ekainak 16, Photomuseum Zarauzko argazki eta zinema museoan, eta uztailaren 25era arte egongo da bertan ikusgai historian zehar errefuxiatuek bizi izan dituzten baldintza gogorren lekukotasuna.

Hiru gunetan banatuta dago erakusketa, "Bidasoa", "Exodoa" eta "Memoria historikoa", eta argazkilari hauen lanaren laginak daude ikusgai berorietan: Andoni Lubaki, Diego Ibarra, Santi Palacios, Ricardo Garcia Vilanova, Javi Julio, Daniel Castro, Juantxo Egaña, Jesús Elosegui, Philippe Gaussot eta Arkaitz Saiz.

"Bidasoa" atalak gaur egun benetako bizitza baten xerka mugak zeharkatzen dituzten pertsonen joan-etorrien lekuko den ibaia du ardatz, bere garaian Gernikako, Durangoko, Bilboko, Otxandioko eta beste hainbat herritako bonbardaketetatik zein Portugalgo eta Espainiako diktaduratik ihesi zihoazenen harat-honatak ikusi zituen berbera.

"Exodoa" atalak, berriz, errefuxiatuek ametsa zuten baina bestelakoa den lurrera iristen direnean bizi dituztenak ditu kontagai.

Azkenik, "Memoria historikoa" atalak Gerra Zibiletik, Gerra Karlistetatik eta gerraoste krudeletatik ihesi irten zirenen argazkiak biltzen ditu.