kultura
Xan Aireren elkarrizketa
'Oinarrian, maskaradak buhameen bestak ziren'
Nicole Lougarot (1963, Gotaine, Xiberoa) Hebentik kultur elkarteko kide da. Euskal kultur arloan ezagun egin da Bohémiens (2009, Gatuzain) liburua idatzi ondoan.
-
Maskarada. Argazkia: EKE
Buhame populua aztertuz, euskal jendartea eta Xiberoko maskaradak inarrosi zituen. Ikerketa aitzina eraman du geroztik, bidaiak eginez, eta artikulu zenbait idatziz. Horien azalpena luzatu du hemen, bide batez maskaraden egoera zaila komentatuz.
Xan Aire: Euskaldun berria izanki, zer harreman zenuen gure hizkuntza eta kulturarekin, ttipitan?
Nicole Lougarot: Aitañik eta amañik euskara bazekiten, baina aitak ez eta amak ez aski. Ama Maule gainekoa zen, espainol anitz jin da harat, eta auzoan mintzaira amankomuna frantsesa zen. Aitaren aldetik, bere burasoak Parisera joan ziren. Xiberora itzultzean, beren semearen ibilbidea ona nahi zuten, eta erakasle izatera bideratu zuten. Frantsesez... Hala ere, euskal dantzak eta kantuak erakutsi zizkioten, eta hark ere bai guri, aita izan zelarik. Süjeta izan da bi pastoraletan, euskararik jakin gabe. Etxahunek bere bozarengatik hartu zuen. Konprenitzen du amiñi bat, baina mintzatu, ez. Eta ni ere luzaz horrela egon izan naiz.
Baina euskara ikasi, azkenean...
N. L.: Bai, baina minez! Fite lerratzen naiz frantsesera, horrek kexarazten nau. Hala ere, beharrik gauza kulturalak hor direla. Hor ere, bitxikeria bat: fandangoa Normandian ikasi dut! Eta Mixel Etxekoparrek ere anitz lagundu nau, prefosta. Gaztaroan, ahizpak militanteak ziren, ni ez hainbeste. Oroit naiz herriko gazte bati “enbata” erranik: ene ahoan, “terrorista” erratea bezala zen, ez nakien zer zen.
Eta maskaradez interesatzen zinen?
N. L.: Hori ere berant jin da, ez bainuen dena konprenitzen.
Nola azaltzen duzu azken urteetako zailtasunak?
N. L.: Azken aldietan, gertakari latz batzuengatik kili-kolo ibili dira. Baina beste herri askotan arazoa ez da hori. Gure herrian, Gotainen, dantza taldeak maskaradak egin nahi izan ditu. Baina azkenean ezin, euskararik ez baitzekiten aski ontsa. Eta zinezko problema hor da: hizkuntzarena. Gazteriak ez daki euskararik, edo ez aski. Baina hori funtsezkoa da maskaradan.
Bertze arazo bat: politikoki zuzenarena, kritika publikoa geroz eta jasangaitza dela?
N. L.: Kritikatzea aski berria da. Urdiñarben hasi ziren, abertzaleen boza entzunez. Baina jendeak maite du joko hori guzia.
Zer rol dute, gaur egun, maskaradek?
N. L.: Rol soziala dute, batez ere herri baten gazteriarendako: zerbait egiten dute elkarrekin. Euskaraz. Euskaldunendako ere inportantea da: guk ere zerbait badugu, horrela. Bestela, izugarri eder da: neguan, koloreak, elkarrekin jan, edan, giroa... Zerbait magikoa da. Pastoralak xarma badu udan, maskaradek neguan. Goizeko giroa zait gehienik gustatzen, herrira heltzea, barrikadak, izugarri azkarra da. Gero arratsaldean ere, zerbait hunkigarria bada, ontsa egina da, plaza erdian. Karrikako antzerkia da. Horretaz gogoetatzeko Maskar* ikusgarria sortu genuen joan den udaberrian, Xiru festibalaren karietara.
Zuk, ordea, 'Bohémiens' liburuarekin, maskaraden bertze ikuspegi bat ekarri duzu...
N. L.: Buhameez ikerketa ttipi bat egin dut, eta geroztik maskaradak ez ditut berdin ikusten. Buhameak, maskaradetan, beti ari dira lizunkerietan, zernahi erraten, mozkorrak. Ez nekien buhame populu bat bazela Euskal Herrian. Zenbait aldiz, maskaradetan, trabaturik egoten naizen. Arratsaldeko zatian, buhameak agertzen diren bezala, nik arrazismoa ikusten dut. Besta maite dut, baina arrazakeria ikusten dut. Hitzetan, jokoan, plazaren erdian, diskurtsoa zinez mugan izaten da.
Eta Errumanian ere izan berri zara, hango maskaradak ikusteko...
N. L.: Bai, eta ber gauza da. Han, aldiz, tziganoak ageri dira, argiki. Hemen ez. Alta, Xiberoko maskaradetan hor izaten dira, batzuetan, publikoan. Baina ez diet sekulan galdegin zer zioten horretaz.
Alta, horiek dituzte maskaradak ekarri Euskal Herrira?
N. L.: Ene iduriko, bai. Errumanian argi agertu zait. Dantzak, musika eta hizkuntza salbu, berdintasunak izugarriak dira, gauza bera zen. Zamaltzaina barne. Giro bera. Oinarrian, maskaradak buhameen bestak ziren. Herriz herri ibiltzen ziren, eta horretako barrikadak baziren. Errumanian hori bada, eta Italian ere bai, Napoliko inguruan. Joan den udan han izan naiz. Ene iduriko, tzigano ber taldea zen aipatu ditugun hiru leku horietan. Eta Moldaviako lagun tziganoak Xiberora jin direlarik, zerbait berezi sentitu dute. Kusiak ditugu! Serioski, ikerketa urrunago eraman nahi dut.
Noiz eta nola sartu da zuk aipu duzun arrazakeria, maskaradetan?
N. L.: Ez dakit. Ez da gauza sinplea, buhameak hemen egon baitira. Ez dira pasatu bakarrik, egon dira. Nahasketak iragan dira. Euskara ikasi dute, hasteko. Ezkontzak ere gertatu izan dira euskaldunen eta buhameen artean. Baxenabarren eta Xiberoan, Mendikotan, Ozazen... elkarri lotuak ziren. Gaur egun etxeetan bizi dira, lana badute. Hala ere, ikerketa eramanez bezala, entzun izan dut buhameak Euskal Herrian integratuak zirela. Baina ez da egia. Orokorki zaila da haietariko batzurentako.
Ez Xiberoan bakarrik, Izpuraren adibidea ere bada Baxenabarren...
N. L.: Izpuran 1860an oraindik buhamerik ez zela erran dezaket. Orduan, ez da aspaldiko gauza herri hortan. Alta, ene liburua ez dut sekulan aurkeztu Baxenabarren.
Gaur egun, jendeak nola daki buhameak direla?
N. L.: Ez dakit. Familia zenbait ezagutzen dut, baina ez zait aise haiengana joatea, galderekin.
Zer da, oraindik tabu buhame izatea Euskal Herrian?
N. L.: Bai. Emazte batek dokumental bat egin nahi izan zuen, baina buhameek ez zuten erantzun nahi izan. Min egiten dit populu hori halako zirtzilei asimilatua izatea maskaradetan
Nola alda daiteke hori?
N. L.: Lehen urratsa litzateke buhameen historia jakitea. Eta hortik jinen dira aldaketak. Gaur, gorriak gu gara, euskaldunak, eta buhameak beti beltzak dira. Enetako, lehen ez zen batere horrela. Liburuetan ikusi izan dut gatuzaina pitxu bezala, edo zamaltzaina beti ihesi, lasterka. Orain, zamaltzaina elegantea da gu baikara. Gu, euskaldunak, nobleak gara, izatekotan! Eta euskaldun populua, non da? Oreka gehiago behar litzateke. Errumanian, jauna eta anderea kauteretan dira, lohian barna, zikinak. Gure buruaz gehiago trufatu beharko genuke! Eta zertako buhamez mozorrotu gauza zenbait errateko? Puzzlearen pieza berak atxikiz, eta bertze molde batez kokatuz, perspektiba berriak zabal daitezke. Baina buhameak ukatzen segitzen dugun ber gure jendartean, zaila izanen da maskaradetan gauzak aldatzea. Alta, gure ihauteri kultura sakratua, buhame kultura izan litake.
* Maskar: tziganoen hizkuntzan, erdigunea erran nahi du. Ikusgarri horren bi emanaldi izanen dira Xiberoan 2012ko martxoan, maskaradarik ez baita aurten.