Itxi

kultura

zinemaldia 2021

Chloe Zhaok jasoko du aurten 2021eko Film Onenaren Fipresci sari nagusia Donostiako Zinemaldian

eitb media

Zuzendari txinatarraren 'Nomadland' filma urteko onena izan da nazioarteko kritikaren arabera.

  • "Nomadland" filmaren fotograma bat

    "Nomadland" filmaren fotograma bat. Irudia: Zinemaldia

Chloe Zhao zinemagileak Fipresci sari nagusia jasoko du Donostiako Zinemaldian, Nomadland filmagatik. Lehiaketaren inaugurazio-ekitaldian emango die saria.

Fipresci Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek erabaki dute Nomadland 2021ko film onena dela. Mundu osoko 633 kritikarik parte hartu dute bozketan, eta 2020ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artean izan da aukeratua.

Nomadland Chloe Zhaok idatzi eta zuzendutako drama film estatubatuarra da, Jessica Bruderrek idatzitako Nomadland: Surviving America in the Twenty-First Century liburuan oinarrituta dagoena. Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldera bidaia bat egiteko bere jaioterria uzten duen emakume baten istorioa kontatzen du filmak.

Zhaok bere hirugarren film luzearekin irabazi du Fipresci Sari Nagusia, Songs My Brother Taught Me (2015) eta The Rider (2017) zuzendu ondoren. Fipresci Sari Nagusia Nomadland (Perlak, 2020) filmari egiten zaion azken aintzatespena da; izan ere, Venezian 2020an Urrezko Lehoia irabazi ostean, hainbat golardo bereganatu ditu filmak, besteak beste, film dramatiko onenaren, argazki zuzendaritza onenaren eta zuzendari onenaren Golden Globe sariak, film, zuzendari eta emakumezko aktore protagonista onenen BAFTA sariak eta film onenaren, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren Oscar sariak.

Sortu zenez gerotik (1999an), zinemagile paregabe ugarik eskuratu dute sari hau, hala nola hauek: Pedro Almodovar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller, Maren Ade, Aki Kaurismaki, Paul Thomas Anderson eta Alfonso Cuarón.

Fofresci Sari Nagusia 69. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-ekitaldian banatuko da. 2020an ez zen eman covid-19agatiko krisiaren ondorioz jaialdiak eta estreinaldiak ezeztatzearen ondorioz.