Itxi

2021/11/20

12:22

kultura

AURKEZPENA

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da hurrengo Euskaraldia, "Hitzez ekiteko garaia" lelopean 

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

2022an Korrika ere izango dela kontuan hartuta, datorren urtea "hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea" izatea nahi dute antolatzaileek, "euskaltzaleon urtea".

  • 2022ko Euskaldiaren aurkezpena, gaur Iruñean.

    2022ko Euskaldiaren aurkezpena, gaur Iruñean. Argazkia: Euskaraldia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskararen aldeko ariketa sozial handienak badu data. Datorren urtean ospatuko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra, eta inoizko partehartzaileena izatea nahi dute antolatzaileek gaur Iruñean egin duten aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez. "Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea" aldarrikatu dute. Izan ere, euskararen alde Euskal Herrian egin ohi diren ekitaldietatik jende gehien biltzen dutenetako bi ospatuko dira urte berean: Korrikaren 22. edizioa eta Euskaraldia.

"Urte garrantzitsua izango da herriz herri antolatutako euskaltzale sareak antolatzen eta indartzen jarraitzeko. Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea" defendatu dute deitzaileek. Eta, horregatik, "Hitzez ekiteko garaia" lelopean ospatuko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa.

"Kalea berreskuratzea beharrezkoa da euskararentzat eta euskaldunontzat. Azken urte eta erdi honetan gizarteak jasan duen kolpeari buelta eman behar diogu eta datorren urtean horretarako tresnak izango ditugu. Inoiz baino beharrezkoago da hitzez, ekinez, kalea irabaztea" adierazi du Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko tresna eraginkorragoak izatea, lehentasuna

Ahobizi eta belarriprest rolei helduta hizkuntza ohiturak aldatzeko egiten den ariketan, euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du orain arte Euskaraldiak. Hurrengo edizioan, baina, hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea izango da lehentasuna. Bigarren edizioa amaitu ondoren partaideekin egindako ikerketetan ateratako ondorioei esker ikusi da tresna horiek beharrezkoak direla hizkuntza ohituren aldaketa areagotzeko eta hori lortzeko, belarriprest zein ahobiziak "prestatuta eta aktibatuta" iristsi behar direla Euskaraldira.

"Euskaraldiak inertziak apurtu eta dinamika berriak sortzen laguntzen du eta ariguneak horretarako babesleku dira"

Bigarren edizioan estreinatu ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da, gainera, eta ildo horretan, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak Euskaraldiarekin bat egin eta ariguneak sortzeko dei egin die erakundeei eta entitateei: "Ariguneak euskaraz modu naturalean aritzeko guneak dira, euskararentzako gune erosoak, babestuak, taldearen adostasunez egiten delako ariketa egitearen aldeko hautua eta Euskaraldiaren ondorengo egunetan euskara gehiago erabiltzeko aukera handiagoak izateko aukera ematen dutelako.  Eta horrek laguntzen digu eremu edo espazio horietan ematen diren harremanak euskaraz izatera. Txapekin gure interlokutore euskaldunak identifikatzen ditugu. Ariguneek pertsona horiekin eta ohiko taldeetan euskarazko praktikak errazten dituzte. Euskaraldiak inertziak apurtu eta dinamika berriak sortzen laguntzen du eta ariguneak horretarako babesleku dira. Hori dela eta, 2022an egingo dugun hirugarren ediziora begira entitateei dei egin nahi diet Euskaraldiarekin bat egiteko".

Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoko presidente zein Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariordeak ere ariguneen emaria goraipatu du: "Iparraldean 500 bat eragilek ariguneak antolatu zituzten iragan Euskaraldian, eta hauei esker kasik 1.000 Arigune izan dira, euskaraz aritzeko 1.000 argi berde. Mapa polita osatua izan da, hainbat erabilera aukera argitan emanez. Garai zaila zen jendeen arteko harremanendako -pandemiari erreferentzia eginez-, baina Euskaraldiari esker frogatu dugu euskarak lotzen gaituela. Ariguneek gure hurbileko lagun saretik urrunago euskaraz mintzatzeko aukera berriak ireki dizkigute".

Ia 180.000 lagunek hartu zuten parte Euskaraldiaren bigarren edizioan

Zehazki, 179.780 pertsonak parte hartu zuten Euskaraldiaren bigarren edizioan, % 77k ahobizi modura eta % 23k belarriprest modura, eta jende hori guztia herriz herri antolatutako batzordeen lanari esker lortu zen aktibatzea, hein handi batean. Hirugarren edizioan ere, batzorde sare hori izango da "Euskaraldiaren bihotza". Hainbat herritan hasita daude antolaketa lanetan; eta, gainontzekoetan, hemendik aurrera aktibatu eta berrantolatuko dira "hitzaren bidez, euskarak kalea berriro har dezan".

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak 2020ko ariketa goraipatu eta oraindik ere badela egitekoa gogoratu du: "Hizkuntza-ohiturak aldatzeak lan sakona eskatzen du oraindik ere, badago bidea oraindik, baina hasi gara lorpen esanguratsuak erdiesten. Euskaraldiko partaide askok beren inguruko harremanetan eta euskararen erabileran aurrerapauso garrantzitsuak izan dituzte".

Eta ildo berean, Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak "herritarrek euskara erabil dezaten aktibatzeko tenorea" dela esan du. "Gero eta gehiago dira euskara ulertzen duten haur eta gazteak; familietan, eskoletan edo euskaltegietan euskara ikasi dutenak; gehiengoa euskararen aldeko jarreran dago. Hala ere egoera larria da gurea: zaintza eta bultzada iraunkor eta indartsuak behar dituena euskararen aldeko jarrerak indartzeko, ezagutza unibertsalizatzeko eta erabilera handitzeko" hausnartu du, herritar guztiei ariketa honetan parte hartzeko deia eginez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;