Itxi

kultura

Martxoak 7-27

Euskal kultura, hamazortzi egunez dir-dir Bilbon

N. V. | EITB Media

Loraldia festibalaren zortzigarren edizioak musika, antzerkia, dantza, literatura, bertsolaritza eta artea eskainiko ditu martxoaren 7tik 27ra, "Hautsi zen anphora!" izenburupean.

  • Amaia Ocerin Loraldiaren komunikazio arduraduna eta Imanol Agirre zuzendari artistikoa

    Amaia Ocerin Loraldiaren komunikazio arduraduna eta Imanol Agirre zuzendari artistikoa

Loraldia Festibalaren 8. edizioa aurkeztu dute gaur, asteazkenarekin: martxoaren 7tik 27ra egingo dute, Bilboko hamabost espaziotan.

Aurrera begira, sorkuntzarekin lerratuta, bizi den jaialdi honek, dena dela, Bernardo Atxagaren lehen liburura, Etiopia-ra, jo du aurtengo edizioko leloa, Hautsi zen anphora!, aukeratzeko.

Duela lau hamarkada, Atxagaren liburu hartatik abiatuta, Ruper Ordorikak lan horretako hainbat poema kanta bihurtu zituen eta Hautsi da anphora diskoa aurkeztu zuen. Orain, Korrika Kulturalaren eta Loraldiaren elkarlanari esker, berriz taularatuko dute ikuskizuna Ruper Ordorika & Mugalarisek, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurtzen duen bitartean. Martxoaren 11n izango da lehen emanaldia Loraldian, Euskalduna jauregian, eta Korrika Kulturalak biran eramango du gero ikuskizuna Euskal Herrian zehar.

Musikarekin jarraituta, martxoaren 16an, Laboa. Lekeitiotik hegan ikuskizuna izango da gozagai: Ensemble Kuraiak musika garaikidea eskainiko du, Elektrartek arte bisuala proiektatuko du eta Maddi Oihenartek abestuko du; martxoaren 23an, Belar hostoak. Walt Whitman eskainiko dute Amaia Lasak eta Urbil Artolak; martxoaren 26 eta 27an, Unisonoa obra esperimentala aurkeztuko dute Ixiar Rozasek, Ainara LeGardonek eta Rafael Martínez del Pozok; azkenik, martxoaren 26an bertan, Muguruza Mani-fest kontzertuak Fermin Muguruzaren ibilbide musikala ospatuko du Kafe Antzokian, Juantxo Arakama & Asmathic Banden, La Basu & Basatiaken eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboaren eskutik. 

Antzerkia

Loraldiak Mira-hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan lehen euskal emakumezko argazkilariari buruzko ekoizpen propioa estreinatuko du martxoaren 15ean, Arriaga antzokian. 

Dantza

Haatik konpainiak Ur koreografiak ikuskizuna estreinatuz ospatuko du hamargarren urtemuga. Koldo Izagirreren gidoia, Pascal Gaigneren musika eta, interpretatzeko laguntzaile gisa, Olatz Beobideren lana ditu dantza pieza honek euskarri. Martxoaren 19an egongo da ikusteko aukera, Guggenheim Bilbao Museoko atrioan. 

Gainera, MugMus laborategiak eta Alaia Martinek Garaiz: 60 t.m. lana sortu dute, eta martxoaren 24an eskainiko dute Azkuna Zentroan. 

Amaitzeko, martxoaren 25ean, Aukera dantza konpainia Arriaga antzokiko oholtzara igoko da, Migratzaileak ikuskizun berria aurkezteko. 

Literatura

Irati Jimenezek Euskal Literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizuna eskainiko du martxoaren 17an, eta, martxoaren 18an, Hedoi Etxartek Sortaldekoak liburua aurkeztuko du Broken Brothers Brass Banden eta Xabier Erkiziaren laguntzaz.

Martxoaren 27an, Loraldia Festibalaren azken egunean, literatura, musika eta bertsolaritza uztartuko dituzte Alaine Agirrek, Oihana Bartrak, Nerea Ibarzabalek eta Olatz Salvador musikariak. Agirrek Gerorik balego testua prestatu du, eta hortik tiraka sortu dute ikuskizuna protagonistok.

Artea

Juan Carlos Eguillor 2011n zendutako artistari begiratu diote aurtengo Loraldiaren arduradunek: Bira espazioan (Erronda kalea), erakusketa bat paratuko dute, artistak Ruper Ordorikaren Hautsi da Anphora diskorako egin zuen azaletik abiatuta.

Martxoaren 20an, Xaloa Ipiña artistaren erakusketa ikusteko aukera izango da Marzana arte galerian, Xendarineko Ahizpen ahotsek lagunduta.

Loraldia Terminala

Martxoaren 12an Zorrotzaurreko uhartean, La Terminal espazioan, gazte sormenak bere uzta erakutsiko du: grafitia, beatboxa, popa eta musika elektronikoa, antzerkia, DJ, teatroa…