Itxi

kultura

Elkarrizketa ETB2n

Vidarte: "Bilboko Guggenheim Museoarentzat oso garrantzitsua da nazioarteko bisitariak berreskuratzea"

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

ETB2n egindako elkarrizketa batean, Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariak esan du urte normal batean "bisitarien % 70 Espainiatik kanpokoak" direla, eta gogoratu du oraindik ez dagoela datarik zehaztuta Urdaibaiko Guggenheim Museoa eraikitzeko.

  • Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendaria.

    Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendaria.

Bilboko Guggenheim Museoan pandemiaren ondorioak gainditzeko lanean ari dira, eta urtea 840.000 bisitarirekin amaitzea espero dute. Pandemiaren aurretik, batez beste milioi bat bisitari baino gehiago izaten zituen urtean.

ETB2ko "12 minutos" saioan egindako elkarrizketa batean, Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariak aitortu du pandemiarena izan dela museoaren "garairik zailena".

"Ezustean iritsi zen. Hiru hilabetez itxita egon zen museoa, edukiera % 70ean murriztu ziguten, eta, ondorioz, aurrekontua eta programazioa murriztu behar izan genituen", adierazi du.

Ildo horretan, Vidartek esan du bisitarien kopurua pixkanaka hazten ari dela, eta, ondorioz, urtea 840.000 bisitarekin amaitzea espero dutela. Hala ere, "oso garrantzitsua da nazioarteko bisitariak berreskuratzea, urte normal batean bisitarien % 70 Espainiatik kanpokoak baitira".

Urdaibaiko Guggenheim Museoari dagokionez, Vidartek azpimarratu du 2008tik mahai gainean dagoen "proiektu estrategikoa" dela, baina oraindik ez dagoela datarik zehaztuta obrak abiatzeko, "aurretik, egitasmoaren jasangarritasuna bermatuko duen finantzazioa lortu behar delako".  

Urriaren 19an Bilboko Guggenheim Museoak 25 urte beteko dituela eta, Vidartek "anbizio handiko programazioa" iragarri du, eta "askotariko publikoari zuzendutako erakusketak" izango direla nabarmendu du.

Halaber, "musikak protagonismo berezia" izango duela eta museoaren kanpoaldean ere hainbat ekitaldi antolatuko dituztela aurreratu du.