kultura
Asteburu osoan
Donostia 2016, kalera 'Olatu Talka' jaialdiarekin
Europako instituzioek aste honetan izendatu dute modu ofizialean 2016ko Europako Kultur Hiriburu eta horrekin bat eginez ospatuko dute asteburu osoan jaialdia.
-
Juan Karlos Izagirre eta Blanca Urgell, besteak beste, gaurko aurkezpenean. Argazkia: EITB
Donostiako Olatu Talka jaialdiaren hirugarren edizioa martxan da asteburu osoan zehar, 80 talde hasiberriren kontzertuekin. Gipuzkoako hiriburuko tren geltokietan eta dendetan izango dira kontzertuak, "Ostiralive" izenburupean. Europako instituzioek aste honetan izendatu dute modu ofizialean 2016ko Europako Kultur Hiriburu eta horrekin bat eginez ospatuko dute asteburu osoan jaialdia.
Zuzeneko musika nagusi izango da: tabernetan eta jatetxeetan izango dira emanaldi gehienak, baina "ezohiko" lekuetan ere kontzertuak izango dira (arropa dendetan, okindegietan, merkataritzaguneetan eta tren geltokietan, besteak beste). Gainera, Gipuzkoako beste herri askotan ere izango dira kontzertuak: Irunen, Errenterian, Hernanin, Hondarribian, Lasarten eta Pasaian. Donostia 2016 hautagaitza indartzeko eta, besteak beste, parte hartzea bultzatzeko abiatu zuten jaialdia.
Izan ere, herritarrak dira Olatu Talka jaialdiak hartuko dituen ekitaldien protagonistak. Donostiako kaleak hiru egunez kontzertuz, txarangaz eta kirol ekitaldiz beteko dituzte, hitz egiteko, abesteko edota adierazteko mikrofono bat dagoen bitartean.
80 kontzertuak 18:00etatik 22:00etara izango dira eta Ras Miguel&Tafari, Liverpull, White Towels, El Extraño, Josu Bergara, Javier Sun, Ydilia eta Cuarto Oscuro taldeak izango dira, besteak beste.