Itxi

kultura

2022/2023 denboraldia

"Orgia" Passolinirengan oinarritutako opera eta hiru kontzertu antzeztu, Arriagaren hurrengo ekoizpenak

N. V. | EITB Media

"La lucha por la vida" Pio Barojaren obraren egokitzapena izango da denboraldiko antzerki ekoizpen propio handia.

  • Ensemble Intercontemporain taldeak interpretatuko du "Orgia" laneko musika

    Ensemble Intercontemporain taldeak interpretatuko du "Orgia" laneko musika

Arriaga Bilboko antzokiak 2022ko abuztutik 2023ko ekainera arte eskainiko duen programazioa aurreratu du gaur Bizkaiko hiriburuan. Udako eta Aste Nagusiko programazioaren ardatza "La Jaula de las Locas" (abuztuaren 18tik irailaren 11ra) Broadwayko komedia musikala izango da, Angel Llacerrek eta Manu Guixek zuzendua eta Llacer bera eta Ivan Labanda protagonista dituena. Irailaren erdialdetik aurrera, bost ikuskizun ekoitziko ditu antzokiak: opera bat, antzezlan bat eta hiru ikuskizun musikal.

Azkenetik hasita, 2022-2023 denboraldia "Orgia" Pier Paolo Passoliniren antzezlanean oinarritutako ganbera operak itxiko du ekainaren 22tik 24ra. Hector Parrak konposatu du, eta Calixto Bieito Arriagako zuzendari artistikoa da eszenaren eta libretoaren arduraduna.

Gainera, denboraldian zehar, beste hiru ikuskizun musikal estreinatuko ditu Bilboko antzokiak: "Moto – Membra Jesu Nostri" kontzertu antzeztua, urriaren 14an, Eneko Sagardoy aktorearen testu batekin elkarrizketan; "Siface: L'amor castrato" kontzertu antzeztua (otsailak 2), Ane Pikazaren zuzendaritza artistikoarekin; eta "Cain, overo Il primo omicidio" kontzertu antzeztua (apirilak 15), Carlos Mena kontratenor ospetsuak zuzenduta.

Musikarekin jarraituta, ahots eta piano errezitaldiak egongo dira, "Lied Arriaga" zikloan, eta Literatura eta Musika Euskaraz zikloa ere izango da: "Olatu arteko txalupa arraroa" Ines Osinagaren eta Joseba Sarrionandiaren ikuskizuna… Martxoaren 18an, Loraldia jaialdiaren barruan, Benito Lertxundik kontzertu berezia eskainiko du, askatasunari eskainia.

Arriagaren antzerki ekoizpen nagusia "La lucha por la vida" Pio Barojaren trilogiaren egokitzapena izango da. 2023ko otsailean estreinatuko dute Jose Ramon Fernandezek egindako egokitzapena, Ramon Barearen zuzendaritzapean, eta aktore hauek egongo dira agertokian: Itziar Lazkano, Ione Irazabal, Maria Cerezuela, Alfonso Torregrosa, Mikel Losada, Arnatz Puertas, Aitor Fernandino eta Ramon Barea bera.

Horrez gain, "Faces" Alex Gerediagak pandemia garaian estreinatutako lana berriro ekarriko dute Arriagako oholtzara, eta Galder Irustak "La celda sin noche" Kurdistango gatazkan kokatzen den antzezlana estreinatuko du. Urtarrilaren 23an, Kulunka konpainiak "Forever" estreinatuko du, lehenago, azaroaren 10ean, Horman Poster kolektiboak "Souvenir, komeria extralurtarra" lanarekin gauza bera egin eta gero.

Bilboko antzokian estreinatuko dira, halaber, "Gordo, basko y maricón" Mitxel Santamariaren ikuskizuna, "Hazia musikala" Gontzal Mendibilek Jose Maria Arizmendiarreta Arrasateko eredu kooperatibistaren sortzaileari buruz idatzitako lana, "Abizena", "Hondamendia" Harkaitz Canok idatzitako obra…

Estatu mailako antzezlan ospetsuak ere iritsiko dira Bilbora: "Retorno al hogar" Harold Pinterren lana, "La infamia" (Marta Nieto eta Marina Salas), "Una noche sin luna" (Juan Diego Botto), "Los farsantes" (Javier Cámara eta Barbara Lennie), "Los santos inocentes" (Javier Gutierrez), "Lectura fácil" Cristina Moralesen eleberriaren egokitzapena…

Dantzari dagokionez, urriaren 6an Iratxe Ansak eta Igor Bacovichek "Creacción" emango dute, eta abenduaren 9an Ertza konpainiak "Moor krad" ikuskizuna taularatuko du. Urtarrilaren 20 eta 21ean, Ballet du Grand Théâtre de Genève izango da Bilboko antzokian.