Itxi

kultura

Artea

Jorge Oteiza Fundazioak ohartarazi du Donostiako D'Museoan ikusgai dauden lanak ez direla Oteizarenak

O. P. | EITB Media

Elizbarrutiko Museoak Oteiza Argentinan erakusketa dauka martxan, ustez eskultoreak Ameriketan erbestean egin zituen 16 lanekin. Oteizaren familiak salaketa jarri du, eta arratsaldean deklaratu du Polizia Nazionalaren aurrean, Edorta Kortadi erakusketaren komisarioak.

01:16

Jorge Oteiza Fundazio Museoak jakinarazi duenez, ekainaren 15etik Donostiako Elizbarrutiaren D'Museoan 'Oteiza Argentinan' erakusketan jasota dauden 16 lanak ez dira Oteizarenak, hala aurkeztu badira ere. 

Jorge Oteiza Fundazio Museoak ohar batean adierazi du ez duela aldez aurretik erakusketa-proiektuari buruzko informazio zehatzik jaso, eta komunikabideen bidez izan duela ekimenaren berri, behin proiektua jendaurrean aurkeztu ondoren. Fundazioak dioenez, "ikusgai jarri diren obrak ez daude Jorge Oteizaren eskultura-lanen Katalogo Arrazoituan, Oteiza Fundazioak argitaratu eta Txomin Badiolak egindakoan", eta azpimarratu du ez dagoela "obra horiekin lotutako aipamen dokumentalik (irudiak edo testuak) Oteiza Museoaren artxiboan".

Horregatik guztiagatik, "aipatutako piezak sakon aztertu ondoren eta bere jakintza eta adimen zintzoaren arabera", Museoaren ustez "behar adina datu daude esateko D'Museoaren erakusketan aurkeztutako piezak ez direla Jorge Oteizarenak".

Erakusketako komisario Edorta Kortadik erakusketaren inaugurazioan azaldu zuenez, ikusgai dauden 16 lanak Jorge Oteizak 1935 eta 1948 urteen artean Amerikan erbestean zegoela egindako eskulturak dira. Kortadik azaldu zuenez, halaber, lanak hainbat urtez egon ziren bildumagile argentinar baten eskuetan eta, hura hil zenean, familiak bilduma salgai jarri zuen. Nafarroako bildumagile batek erosi zuen, eta haren bidez iritsi da D'Museora. Azaldu zuen, gainera, informazio faltagatik, obra askok ez dutela ez datarik ez izenik. Museoaren webguneak iragartzen duenez, "obra guztiak argitaratu gabeak dira".

EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Oteizaren familiak salaketa jarri du Polizia Nazionalean, eta arratsaldean deklaratu du Kortadi komisarioak. D'Museoak, berriz, bihar emango ditu azalpenak, prentsa-ohar bidez.