Itxi

kultura

Grafitia

Berlingo harresian Brézhnev eta Honecker elkarri musuka margotu zituen artista hil da

Agentziak | EITB Media

Dmitri Vrubel artista plastiko errusiarra Alemaniako hiriburuan hil da 62 urte zituela, 1990az geroztik bizitoki zuen hirian. Haren lanik ospetsuena harresia erori eta gutxira, 1991ko udaberrian, horma gainean margotu zuen grafitia izan zen, Berlingo atrakzio turistiko nagusienetakoa bilakatua.

  • Dmitri Vrubel, bere artelanaren aurrean. Argazkia: Don Ludwig.

    Dmitri Vrubel, bere artelanaren aurrean. Argazkia: Don Ludwig.

Dmitri Vrubel hil da, Leonid Brézhnev buruzagi sobietarraren eta Erich Honecker Alemaniako Errepublika Demokratikoko presidentearen arteko musu-grafiti ospetsuaren egilea. Berlinen hil da, 62 urterekin. 

Dmitri Vrubel (Mosku, 1960) errusiar artista plastiko bat zen, eta bere lanik ospetsuena Berlingo harresiaren gainean 1991ko udaberrian margotu zuen grafitia izan zen. Harrezkero, Alemaniako hiriburuko turismo-atrakzio nagusietako bat bihurtu da margolana. 

'East Side Gallery' izenez ezagutzen den horma-tartean kokatua, antzinako ekialdean, Brézhnev eta Honecker ahoan elkarri musu ematen margotu zituen, alemanez eta errusieraz "Ene Jainkoa, lagun iezadazu maitasun hilkor honetatik bizirik ateratzen" dioen errotulu batekin.

Horma-irudia ezabatu egin zen 2009an, hormaren zaharberritze lanengatik baina, atzera berriz margotu zuen artistak, tokiko agintarien eskariz. Bi buruzagi komunistak 1979an RDAren 30 urteko ospakizunean erakusten zituen argazki batean oinarritu zen.

2001ean, Vrubelek eta bere emazte Victoria Timofeyeva artistak egutegi bat sortu zuten Vladimir Putin Errusiako presidentearen erretratuekin, eta "Putinen 12 aldarteak" deitu zioten, salmenta arrakasta itzela lortu zuen Errusian, autoreek esperotakoen kontra.

Mikhail Vrubel modernismoaren aitzindariaren ondorengoa, Berlinen bizi zen artista 1990etik, eta azken urteetan Alderdi Pirataren barruan jardun zuen; joan den igandean hil zen, 62 urte zituela,  covid-19az gaixotu osteko bihotzeko konplikazioen ondorioz.