Itxi

kultura

Ekitaldia

Tolosa-Donostiak lortu egin du 2016ko Nazioarteko Txotxongilo Batzarra

Erredakzioa

Tolosak eta Donostiak hautagaitza bateratua aurkeztu zuten, lau urtean behin egiten den ekitaldi hau antolatzeko.

02:11
Tolosa-Donostia, 2016ko Nazioarteko Txotxongilo Batzarraren egoitza

Tolosa-Donostia hautagaitzak lortu egin du 2016ko Nazioarteko Txotxongilo Batzarraren egoitza izatea.

Chengdu (Txina) herrian egindako bozketan, euskal hautagaitzak bikoiztu egin ditu beste hautagaiak (Ekaterimburgo) lortutako botoak.

Hainbat euskal bozeramaile Txinan izan dira: Blanca Urgell Kultura sailburua, Etxepare Institutua, Tolosako Udala eta Donostiako eta Topic. Tolosak (TOPIC txotxongiloen nazioarteko zentroaren egoitza) eta Donostiak (2016ko Kulturaren hiriburua) bat egin zuten ekitaldia lortzeko.

Erabakia jakin ondoren, ordezkaritza osatzen duten kideak oso pozik daudela adierazi dute, "egindako lan bikainak eman duen emaitza ikusita". Guztiek adierazi dute, aho batez, 2016 "kulturaren festa handi bat" izango dela; izan ere, nazioarteko ekimen honek bat egingo baitu Donostiaren 2016ko Europako Kultur Hiriburutzarekin.

Igor Otxoak adierazitakoaren arabera, aukera bikain bat da Tolosarentzat eta Donostiarentzat, baina baita "Gipuzkoa osoa eta gainontzeko lurraldearentzat" ere. Bestalde, Txinara egindako bidaia oso "emankorra" dela esan du, arlo guztietako nazioarteko eragileekin harremanetan jartzeko aukera eman baitu. "Besteak beste, Pilsen 2015eko zuzendariarekin hitz egin dut, eta baita 2016rako jarduerak programatzeko interesgarriak izan daitezkeen beste pertsona eta konpainia batzuekin ere", azaldu du.