Itxi

kultura

saria

Gipuzkoako urrezko domina Elkar Taldearentzat

eitb media

Mende erdian euskarari eta euskal kulturari lagundu dien guztiagatik jasoko duela adierazi du Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak.

Gipuzkoak aurtengo urrezko domina Elkar Taldeari ematea erabaki du. Prentsaurreko batean, Aldundiak adierazi du Elkarrek euskararengatik eta euskal kulturarengatik 50 urtez egindakoa saritu nahi dutela. Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramailearen esanetan, "Elkar Taldearen misioa euskara eta euskal kulturaren sustapena eta garapena eraginkortasunez bultzatzea da, enpresa eta ekonomia bere zerbitzura jarriz". Saria abenduan emango dutela jakinarazi dute.

Elkar 1972an sortu zen, eta 1974an, Elkar Taldea izena hartu zuen. Geroztik, euskara eta euskal kulturaren alde egin du beti. Gainera, Mendozak adierazi du Elkar oso lagungarria dela Gipuzkoako ekonomiarentzat, eta irabaziak izatekotan, banatu beharrean, beste proiektu batzuetan inbertitzen dituzte.

Sari hori 1982an eman zen lehen aldiz, eta, beste batzuen artean, Donostiako Orfeoiak, Euskaltzaindiak, Mikel Laboak eta Ramon Saizarbitoriak jaso izan dute.