Itxi

kultura

Jaialdia

Euskadi, herrialde gonbidatua Libourneko Fest'Arts jaialdian

Mundu osotik bertaratutako 38 konpainietako lau EAEkoak izango dira: Deabru Beltzak, Organik, Trapu Zaharra eta Turukutupa.

Etxepare Euskal Institutuak, OARA Office Artistique de la Région d’Aquitainek eta Libourneko Fest'Arts Jaialdiak sinatu duten koprodukzio hitzarmen baten ondorioz, Euskadi izango da aurten herrialde gonbidatua bertan.

Elkarlanari esker, euskal kale-antzerkia erakusteko ahalegin berezia egingo du aurten Fest’Arts kale-antzerkiko europar jaialdi garrantzitsuenetakoak, lau euskal talde programatuz: Deabru Beltzak, Organik, Trapu Zaharra eta Turukutupa.

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak elkarlana sustatzeari eman dio lehentasuna, eta Fest’Arts jaialdiarekin lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du, “nazioarte mailan ezinbesteko erakusleiho” delako, eta aurten “mundu osoko 38 konpainietako lau euskaldunak izatea lortu izanak oihartzun handia izango duelako nazioarte mailan”. 12 emanaldi eskainiko dituzte guztira, bost ikuskizun ezberdin aurkeztuz. Euskadiren eta Akitaniaren arteko kolaborazioa ere nabarmendu du Goenagak: “Ez dugu elkarren bizkar bizi nahi”, adierazi du.

Garbitxu, Deabru Beltzak taldearen zuzendaria, pozik agertu da hamar urte eta gero Les Tambours de Feu obraren bertsio gaurkotua eramango dutelako Libournera. Natalia Monge Organik taldeko zuzendariak, berriz, Maudites antzezlana Fest’Arts jaialdira eramatea “plazerra eta ohorea” dela esan du.

Azkenik, Turukutupa taldeak Reziklettes aurkeztuko du. Victor Garcia de la Torre zuzendaria ere pozik agertu da “birziklapen sortzailea” ardatz duen ikuskizun hau horrelako maila duen jaialdian aurkezteko aukera eman dietelako.