Itxi

kultura

Zinema

Raquel Welch 60ko hamarkadako ikonoa zendu da 82 urte zituela

Agentziak | EITB Media

Aktorearen heriotza "gaixotasun labur bat" izan ostean gertatu dela azaldu du Welchen familiak.

  • Raquel Welch aktore estatubatuarra. Argazkia: EFE

    Raquel Welch aktore estatubatuarra. Argazkia: EFE

Raquel Welch aktore estatubatuarra, 60ko hamarkadako ikonoa, gaur hil da, 82 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.

Welchen familiak haren heriotza baieztatu du TMZ ospetsuen atarian, eta "gaixotasun labur bat" izan ostean hil dela jakinarazi du.

Ameriketako Estatu Batuetara bizitzera joan zen ingeniari boliviar baten alaba, Raquel Welch Chicagon jaio zen, 1940an.

Entretenimenduaren industrian, Elvis Presleyren eskutik hasi zuen bidea, 'Roustabout' (1964) filmean paper txiki bat eginez, eta pisu handiagoko lanak lortu zituen geroago, besteak beste, 'Fantastic Voyage' (1966) filmean.

Aktorearen ibilbideak goia jo zuen 'One Million Years B.C.' historiaurreko abenturarekin (1966). Welchen irudia eta bikini ikonikoa zinemaren historiara pasatu ziren bertan.

Industriak ondo baino hobeto aprobetxatu zuen haren edertasuna eta potentzial erotikoa, eta Hollywooden gogoratzen den ezizen matxistenetako bat jarri zioten: Gorputza.

Besteak beste, 'Lady in Cement' (1968), 'Hannie Caulder' (1971) eta 'Fathom' (1967) filmetan parte hartu zuen Frank Sinatrarekin batera.