Itxi

kultura

Izendapenak

Ane Rodriguez, Tabakalerako zuzendari berria

Erredakzioa

Haritz Azkarraga izango da kudeatzaile berria. 2010eko maiatzean dimititu zuen Joxean Muñoz aurreko zuzendariak.

00:58
Tabakalera kultura garaidearen egoitzan, eraikinaren aldaketa hasi da

Ane Rodriguez da Tabakalerako zuzendari berria. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Administrazio Kontseiluak astearte honetan egin duen bileran erabaki dute Ane Rodriguez izango dela Tabakalerako kultura zuzendari berria eta Haritz Azkarraga, berriz, kudeatzailea. Gehiengo osoz aukeratu dituzte, baina Jaurlaritzak ez du botorik eman.

Ane Rodriguezek (Donostia, 1978) eskarmentu handia du kultur kudeaketan. Azken urtean, Madrilgo Matadero kultur ekoizpen zentroaren koordinazio taldeko kide izan da, eta, aurretik, ARCOn ere lan egin du lau urtez, garai hartan zuzendari zen Lourdes Fernandez donostiarrarekin batera. Bertan, atzerriko galerien sailaren ardura izan zuen. Madrilgo arte garaikidearen azokan jardun ostean, MUSAC Gaztela eta Leongo arte garaikidearen museoko koordinatzaile orokorra izan da.

Ane Rodriguez Komunikazio zientzietan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta formazio sendoa du arte garaikidean eta kultur kudeaketan. Halaber, harreman estua izan du zinema eta ikus-entzunezko arteekin, eta, bereziki, Euskal Herriko hainbat zentro eta proiekturekin. Hala, Donostiako Zinemaldian, Artelekun eta Manifestan lan egindakoa da.

Haritz Azkarraga (Arrasate, 1973) Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza tekniko industriala da. Egun, Kursaaleko zuzendari teknikoa eta kudeaketa zerbitzuetako arduraduna da. Ibilbide luzea egin du kooperatiben alorrean, tartean Fagor eta LKS enpresetan.

Juan Karlos Izagirre, presidente berria

Bestalde, Tabakalerako Administrazio Kontseiluaren presidentzia Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak hartuko du bere gain, Blanca Urgell Kultura sailburuak izendapenari uko egin ondoren. Sailburuordea Martin Garitano izango da.