kultura
Itoitzeko urtegia
Duela 20 urte Artozkin desagertu ziren 31 artelanetatik 14 "anonimoki" agertu berri dira
EITB Media
Azaldu diren artelanekin "pozik" bai, baina Itoitzekiko Solidarioak kolektibotik salatu dute "beste hainbeste falta" direla. Horregatik, gertatutakoa argitu dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
-
Itoitzekiko Solidarioak kolektiboaren agerraldia, Iruñean. Irudia: EITB
Iruñean, Itoitzekiko Solidarioak kolektiboak, duela 20 urte desagertu ziren artelanen erakusketa zabaldu du gaur. Artelan horiek bi hamarkadetan desagertuta egon eta gero, "anonimoki" azaldu dira. Orain 31 artelanetatik 14 agertu dira. Zumeta, Gorriti edo Jose Ramon Anda bezalako artistek egin zituzten, Artozki herria eraistera zihoazenean eta Itoitzeko urtegiaren lanen kontrako mugimendua babesteko baliabide gisa.
Agertu direnekin "pozik" bai, baina Itoitzekiko Solidarioak kolektibotik salatu dute "beste hainbeste falta" direla. 31 artistek egindako beste hainbeste artelan jaso zituzten Artozki herria defendatzeko sortu zen mugimenduarekin.
Artozki urpean gera ez zedin Itoitzekiko Solidarioek eta Itoizko Urtegiak Kaltetutako Bizilagunen plataformak 16 egunez erresistentzia ariketa egin zuten. Azkenera, ordea, Guardia Zibilak eta Foruzaingoak herria hustu, etxeak eraitsi eta artelanak eraman zituzten.
Teorian egoitza ofizialen batean zeuden, euren hitzetan, baina orain "anonimoki" heldu zaizkie eta ez dute xehetasun gehiagorik eman nahi izan. Ohartarazi dute, hori bai, auzitegietan esan dietela, ez dagoela beste artelanen arrastorik. "Txostena desagertu egin dela eta horrek guztiak barruak astindu ditu", Lorena Beroiz Agoitzeko bizilagunaren hitzetan.
Horregatik, gertatutakoa argitu dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari eta hilaren 21erako Agoitzen aldarrikapen jardunaldia antolatu dute.