Zinemaldia
Zinema Mugimenduan
Egiptoko, Tunisiako eta Marokoko lau film, Zinema Mugimenduan sailean
Magrebeko, garapen-bidean diren arabiar herrialdeetako eta Afrikako zinemagileei dago zuzenduta Zinemaldiko sail hori.
-
AL-KHOROUG LEL-NAHAR / COMING FORTH BY DAY. Argazkia: Zinemaldia
Egiptoko, Tunisiako eta Marokoko lau film aukeratu dituzte Donostiako Zinemaldiko Zinema Mugimenduan sailean parte hartzeko. Zinema Mugimenduan ekimena Amienseko eta Friburgoko nazioarteko zinema-jaialdiekin batera antolatzen da, eta aurten, lau film eskainiko ditu irailaren 24an, astelehena, Donostia Zinemaldiaren 60. edizioaren barruan
Zinema Mugimenduan Donostia Zinemaldiak antolatzen duen industria-jarduera bat da, eta Magrebeko, garapen-bidean diren arabiar herrialdeetako eta Afrikako zinemagileei dago zuzenduta. Helburua herrialde horietan eginiko film luzeak amaitzen laguntzea da; horretarako, errodajeko azken fasean edo postprodukzio fasean egon behar dute.
Hauek dira Zinema Mugimenduan saileko pelikulak:
Al-Khoroug Lel-Nahar / Coming Forth by Day, Hala Lotfy (EGIPTO)
Beren gorputzez erabat gozatu dutenak ezin dira otzanak izan. Eta inoiz ahal izan ez dutenak? Bizirik irten al daitezke bakardadearen esklabotasunetik eta aldatu edo lortu ezin dutenaren onarpen indargabetik? Gaixorik dagoen familiaburua zaindu behar duten bi emakumeren, ama eta alaba, egunerokotasunaren historia da hau.
Challatt Tunes / Challatt of Tunis, Kaouther Ben Hania (TUNISIA-FRANTZIA)
Ziklomotor gidari bat, bizarra mozteko labana eskuan duela, Tunisiako kaleetan barrena doa hiritik paseoan dabiltzan emakume erakargarrienen gluteoak mozten. "Challatt" ezizenez ezagutzen dute. Tunisiar dialektoan, labana esan nahi du, eta Gillette bizar-xafla marka ezagunetik eratorritako hitza da. Challatten itzalak eta haren ekintzen indarkeriak Tunisiako emakumeen janzkera aldatuko dute: bakero estu gehiagorik ez, ezta minigonarik ere, eta amaitu dira paseo arduragabeak... Tunisiar zuzendari gazte batek mito biziduna aztertuko du. Challattek bera bezalako emakumeak zergatik jarraitzen zituen jakin nahi du.
Le Veau d'or / The Golden Calf, Hassan Legzouli (MAROKO-FRANTZIA)
Samik 17 urte ditu eta aitak Marokoko Atlas mendikateko herrixka batera bidaliko du, han gizon egin dadin. Baina Samik benetan nahi duena hemezortzi urte bete aurretik Frantziara itzultzea da, frantziar herritartasuna lortu eta Melanie neska-lagun frantziarrarekin egoteko. Samik eta haren lehengusu Azdadek plan bat prestatuko dute Marokoko errege-familiari idi bat lapurtu, hura saldu eta Frantziarako bidaia ordaintzeko.
Moug / Waves, Ahmed Nour (EGIPTO-MAROKO)
Metraje dokumentala, artxiboko irudiak, animazio-eszenak, zuzendariaren familia irudikatzen duten animaziozko pertsonaiak eta zuzendariaren beraren ahotsa trebeki uztartuta, film honen egileak bere historia eta 80ko hamarkadan, Mubaraken erregimenaren hasieran, jaiotako bere belaunaldiaren historia kontatuko digu, baita ahantzitako Suez jaioterriarena ere; Suezeko kanalaren hiri ezaguna, iraultza piztu zuena, "egiptiar iraultzaren sugar" deiturikoa.