Zinemaldia
Zinemaldia 2012 Saria
John Travoltak Zinemaldiko Donostia saria jasoko du
Erredakzioa
John Travoltak irailaren 23an jasoko du Donostia Saria, Kursaal Auditoriumean egingo den galan. Oliver Stone, Ewan McGregor eta Tommy Lee Jones dira aurtengo beste sarituak.
Donostia Zinemaldiaren 60. edizioak John Travolta aktoreari emango dio aurten Donostia Sarietako bat, laugarrena izango da, aurretik beste bi iragarri baitituzte Ewan McGregor eta Tommy Lee Jones aktoreei emango zaizkienak. Horiez gain, Oliver Stone zuzendariak 60. Urteurrenaren Donostia Sari Berezia jasoko du.
Donostia Zinemaldiak bere 60. urteurrena ospatzeko Donostia Sariak eta 60. Urteurrenaren Donostia Sari Bereziak ematea erabaki du, haien bitartez zinemaren munduko pertsona nabarmenen ibilbideak aintzatesteko; hortaz, aurtengo ospakizun bereziari esker, saridunen izenak betiko geratuko dira Zinemaldiari lotuta.
John Travoltak irailaren 23an jasoko du Donostia Saria, Kursaal Auditoriumean egingo den galan.
Bi izendapen Oscarretarako
John Travolta bi aldiz izendatu dute Oscar sarietarako. Horietako bat Quentin Tarantino zuzendariaren Pulp Fiction (1994) filmeko soldatapeko hiltzaile eta filosofoaren antzezpen bikainagatik; rol horregatik BAFTA sarietarako eta Urrezko Globoetarako ere izendatu zuten, eta aktore onenaren Los Angeleseko Kritika Elkartearen saria irabazi zuen.
Berriz ere txalotu zuten zinema-ekoizle bilakaturiko mafiosoaren rolagatik, Get Shorty (1996) filmean, eta hari esker film luze bateko (komedia ala musikala) aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen. 1998an Bikaintasun Zinematografikoaren Britainia Saria eman zion BAFTA akademiak, eta Bizitzako Lorpenen Saria irabazi zuen Chicagoko zinema-jaialdian. Horretaz gain, Critics Broadcast Association elkarteak ematen duen Alan J. Pakula sari entzutetsua ere irabazi zuen Steven Zaillian zuzendariaren A Civil Action (1998) filmean eginiko lanagatik. Urte horretan bertan, Urrezko Globoetarako izendatu zuten Mike Nichols zuzendariaren Primary Colors (1998) filmagatik, eta 2008an seigarren aldiz izendatu zuten Urrezko Globoetara, Hairspray arrakastatsuagatik.
11 pilotu lizentzia
Mark Steven Johnson zuzendariaren Killing Season filmaren errodajea bukatu berri du Georgian. Filmean Robert De Nirorekin egin du lan.
Guztira hamaika pilotu lizentzia ditu: Boeing 747, Boeing 707, Gulfstream II, Learjet 24, Hawker 1251A, baita Eclipse, Vampire, Canadair CL-141, Soko, Citation I SP eta Challenger erreaktoreenak ere. Qantas Airways airelinearen enbaxadore globala da eta Qantas 707 hegazkina pilotatu zuen "Spirit of Friendship" mundu-biran zehar, 2002an.