Itxi

Zinemaldia

Alfonbra gorria

Izar andana Donostian

José Luis Rebordinosek aurreratu duenez Penélope Cruz, Javier Bardem eta Claudia Cardinale Zinemaldian izango dira (ostiralean hasiko da), aurten emango dituzten bost Donostia sariez gain.

  • Javier Bardem eta Penélope Cruz, 2010eko Oscar sarietan. Argazkia: EFE

    Javier Bardem eta Penélope Cruz, 2010eko Oscar sarietan. Argazkia: EFE

Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioa ostiralean hasiko da. Orain arte, inoiz ez dituzte bost Donostia sari eman.

"Izen oso garrantzitsuak dira. Bost edukitzea eskas bat edukitzea baino hobe da", esan du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak. Dustin Hoffmanek, Oliver Stonek, Tommy Lee Jonesek, John Travoltak eta Ewan McGregorrek Donostia sari bana jasoko dute aurten.

Richard Gere, Ben Affleck eta Susan Sarandon bertan izango dira, baina Penelope Cruz, Javier Bardem eta Claudia Cardinale ere Zinemaldian izango direla konfirmatu du Rebordinosek (sorpresak izan daitezkeela gaineratu du).

Irailaren 24an, astelehean, Oliver Stonek eta Benicio del Torok "Savages" pelikularen posterrak sinatuko dituzte, Donostiako FNACen, 13:30ean.

60. urteurrenak jarduera gehiago ekarriko ditu baina horrek ez du islada izango zifra ekonomikoetan, izan ere aurrekontuak 7,4 milioi euro izango ditu, iaz baino 200.000 euro gehiago. Babesle pribatu gehiago dituzte, galdutako laguntzaileei aurre egiteko. Instituzio publikoek 225.00 euro gutxiago eman dituzte aurten.

Mikel Olaciregui aurreko zuzendariak ereindako "haziak" jasotzen ari dela gaineratu du Rebordinosek. Ben Afflecken Argo eta Nicholas Jareckiren Arbitrage lehiaketaz kanpo izango dira Sail Ofizialean. Oliver Stonen Savages, David Frankelen Hope springs Zabaltegi sailean izango dira.

Zinemaldiko zuzendaria "oso pozik" agertu da Sail Ofizialarekin, baina espero du alfonbra gorria zapalduko duten "izen handiek" kalitate hori ez "ezkutzatzea". Costa-Gravas, Lasse Hallströn, Laurent Cantet, François Ozon eta Bahman Ghobadi bertan izango dira. 

"Aurrekoetan baino herrikoiagoa" izan daitekeela gaineratu du, "publiko handiari" heltzeko moduko lanak baitaude. Jarrera horrek aurkako jende asko duela esan du, baina "munduko zineman lan egiteko modua" dela azpimarratu du, Kim Ki-duk korearrarekin 59. edizioan gertatu zen bezala.