Itxi

kultura

TITULAR NAGUSIAK

Albiste izango dira: Euskal Zinemaren Gala, Gerra Libanon eta Atun gorria Bizkaiko Golkoan

EITB MEDIA

Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.

  • Euskal Zinemaren Gala, iaz, Victoria Eugenia antzokian

    Euskal Zinemaren Gala, iaz, Victoria Eugenia antzokian. Irudia: EITB Media

Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko irailaren 23an, hedabideetako lerroburu nagusiak:

- Euskal Zinemaren Gala, Zinemaldian: EITBren eskutik, Euskal Zinemaren Gala Handia egingo da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Gainera, hainbat sari banatuko dira, euskal zinema osatzen duten eragile guztien festan egindako lana nabarmentzeko. Elena Irureta aktoreak Donostia Zinemaldiak ematen duen Zinemira saria jasoko du. ETB2n eta eitb.eus-en ere izango da ikusgai Euskal Zinemaren Gala, 23:00etan hasita. 

- Gerra Libanon: "Milaka" familiak Libanoren hegoaldeko eta ekialdeko eskualdeetatik ihes egin behar izan dute, Israel bonbardatzen ari delako, aurrekaririk ez duen erasoaldi batean. Atzokoa Libanon 2006tik izandako egunik odoltsuena izan zen. Israelek gutxienez 492 pertsona hil zituen, tartean 35 haur eta 58 emakume, eta 1.600 baino gehiago zauritu ditu Libanon egindako bonbardaketetan.

- Atun gorria Bizkaiko Golkoan: AZTI ikerketa zentroak eta Kataluniako Itsasbalfego enpresak Kantauri itsasoan atun gorria gizentzeko akuikulturako proiektu pilotu bat aurkeztuko dute. Zehazki, ekimenaren hasierako fasearen berri emango dute. Getaria aurrean bi kaiola urperagarri eraiki eta itsasoan jarriko dituzte. Lehen faseak arrakasta badu, kaiolak 2025ean probatuko dira atun gorriaren ale kopuru jakin bat gizentzeko.