Itxi

kultura

KRISIA ZENBAKITAN

Arte eszenikoak, pandemiatik errekuperatu eta aisia eredu berrira egokitzeko ahaleginean

EITB MEDIA

2010eko krisi ekonomikoak lehenik eta 2020ko pandemiak gero, kinka larrian utzi dute antzerkiaren sektorea. Ikusleak, emankizunak, gastu publikoa... guztia jaitsi da azken hamarkadan. Estrategia eta emankizun molde berrietara nola egokitu asmatu nahian ari dira orain.

Garai gogorrak bizi ditu une honetan arte eszenikoen sektoreak. Azken urteetako datuak ikustea besterik ez dago egoeraren gordintasunaz ohartzeko. Bi krisi sakonek kolpatu dituzte antzoki eta eszenatokiak azken urteotoan: 2010eko krisi ekonomikoak, lehenik, eta 2020ko pandemiak, ondoren.

Ondorioz, 2010 eta 2022 bitartean, % 50 egin du behera ikusleen kopuruak eta % 30 gutxitu dira emanaldiak.

Jaitsiera ez da ikusle eta emanaldietan bakarrik gertatu, gainera. Gastu publikoak ere behera egin du: 15,8 eurokoa zen biztanleko 2010ean eta 11,9 eurokoa hamar urte geroago. % 25 egin du behera, beraz, hamarkada bakarrean. Sektoreko profesionalek gastu hori biztanleko 21 eurora igotzea eskatzen dute, arlo honek biziraun ahal izan dezan.

Bestalde, egiten diren inbertsioen itzulera ere eskasa da. Antzokiek gastuen erdia baino ez dute berreskuratzen, eta konpainiek, berriz, etekin txikia ateratzen dute. Kalkuluen arabera, gutxi gorabehera, 2,5 langile daude konpainia edo talde bakoitzeko, eta horien ordainsariek % 4,3 egin dute behera hamarkada bakarrean.

Profesionalen esanetan, ekonomikoki ez da sektore errentagarria, baina sozialki eta kulturalki egiten duten ekarpena baloratu behar dela aldarrikatzen dute.

Testuinguru ilun honetan, argi printza bat piztu da azken urte honetan; izan ere, 2023-2024 ikasturtean, % 7 egin dute gora ikusleek, helduek batez ere. Haurren ikuskizunek publiko asko galdu zuten pandemian, eta hori berreskuratzea kostatzen ari da, ordea.

Pantailek ekarri duten aisiaren paradigma aldaketak ere ez dio mesederik egin sektoreari, eta gizarte digital honetara nola egokitu asmatzeko lanean ari dira orain. Komunitate fidelak sortzea, dramaturgia berriak, esperientzia immertsiboagoak eta antzerkia ikusteko ohitura sendotzea dira gakoetako batzuk.