Itxi

kultura

Martxoak 10-30

Trikua hogeita bat egunez esnatuko du Loraldia Festibalak

N. V. | EITB Media

Ehun sortzailek baino gehiagok hartuko dute parte, hamar egunez, Loraldia Biboko jaialdiaren 11. edizioan. "Euskal kultura garaikidea ezagutzea, ospatzea eta berritzea" da festibalaren misioa, eta "Trikua esnatu da" esaldia hartu du aurten lelotzat.

  • Janire Etxabek "Atxine" ikuskizuna taularatu du martxoaren 18an. Argazkia: Eider Iturriaga.

    Janire Etxabek "Atxine" ikuskizuna taularatu du martxoaren 18an. Argazkia: Eider Iturriaga.

Loraldia Festibalaren hamaikagarren edizioa martxoaren 10etik 30era egingo dute, Bilbon, "Trikua esnatu da" lelopean. 29 ekitaldi programatu dituzte guztira, ehun sortzaileren baino gehiagoren eskutik; Hitzaurrea soinu esperientzia digitalak, Loraldiaren Sormen Digitaleko Bekaren egitasmo irabazleak, irekiko du programazioa, Azkuna Zentroan, eta Gorka Urbizuk Arriaga antzokian emgango duen emanaldiak itxiko du (kontzertu horretarako sarrerak agortuta daude).

Euskaraz sortzen den kultura bultzatu nahi duen jaialdiak denetariko ekimen eta ikuskizunak hartuko ditu bien bitartean, "Trikua esnatu da" lelopean. Bernardo Atxagaren metafora da lelo horren jatorria; gure hizkuntzaren eta kulturaren ikurtzat aurkeztu du asteasuar idazleak animalia hori: "zaurgarria, txikia da, baina historia luzea du eta bere arantzek babesten dute. Trikua udaberrian esnatzen da, loaldi luze baten ondoren, eta gauza bera gertatzen da euskal kulturarekin: oztopo eta arriskuen gainetik, berriro loratzen da, indarrez eta ausardiaz".

Antzerkia, musika, zinema, literatura, bertsolaritza, dantza eta arte garaikidea izango dira taularatuko dituzten sorkarien diziplinak.

Besteak beste, martxoaren 12an "Mila esker, Jonan Ordordika" kontzertua egingo dute, produktore eta teknikaria zenaren omenez, eta Hiru Truku, Anari, Mice, Tapia ta Leturia eta Rafa Rueda arituko dira gaualdi horretan; Xiberoa Kantuz Loraturik ekoizpen propioa ere aurkeztuko du Loraldiak, martxoaren 13an, Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Ihitz Iriart, Julen Achiary, Mixel Etxekopar, Eliane Heguiaphalen ahotsetik.

Beste musika emanaldi batzuk ere izango dira, hala nola "Sukramarkus" Mursegok Makos Gimenoren palindromoekin ondutako ikuskizuna, Bloñ taldearen, Gorka Urbizuren eta Judit Neddermann musikariaren kontzertuak, Bob Dylanen euskarazko bertsioen interpretazioa eta "Odola kantari" heriotzari eta odolari buruzko hausnarketa artistiko baten bidez literatura eta musika uztartzen dituen ikuskizuna.

Teatroaren esparruan, Renata, Atxine, Kristalezko zooa Tennessee Williamsen antzezlanaren euskarazko bertsioa eta Aztia kontzertu dramatizatua ikusi ahalko dira; Post-etorkizuna ikuskizunak Rafa Rueda musikaria eta Amaia, Agirre, Oihana Arana eta Ane Labaka bertsolariak batuko ditu, Edorta Jimenez idazlearen testu batetik abiatuta; eta Consonnik "bertso saio espekulatibo" bat antolatu du, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Miren Amuriza bertsolariekin.

Egitaraua Loraldiaren webgunean kontsulta daiteke, eta sarrerak ere bertan daude salgai.