kultura
''NIK ERE MAITE ZAITUT''
Omenaldi erraldoia BECen Pirritx, Porrotx eta Marimototsek egindako ekarpena eskertzeko
EITB MEDIA
Maiatzaren 3an egingo zaie omenaldia pailazoei eta euskal eszenako 20 artista handik hartuko dute parte, eta "abesti mitikoak" taularatuko dituzte.
-
Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Argazkia: EITB
Musika, dantza, zirkoa, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat arte diziplina uztartuko dira oholtzan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egingo dieten omenaldian. Maiatzaren 3an izango da, Barakaldoko BECen.
Euskal eszenako 20 izen handik baino gehiagok bat egingo dute BECeko oholtzan, tartean abeslariak, idazleak, dantzariak, bertsolariak, aktoreak... Tartean, Itziar Ituño, Lur Errekondo, Sua Enparantza, Gure Zirkuko kideak, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Olatz Salvador, Kai Nakai, Aitor Gorosabel, Maialen Lujanbio, Go!azeneko lagunak, Tapia eta Leturia, Landarbaso abesbatza, Oinkari dantza taldea, Bonberenea Txaranga, Beñat Gaztelumendi, Yogurinha Borova, La Pulga, Jon Maia, Gozategi, Igor Elortza, Nerea Urbizu, Beatriz Egizabal, Ines Osinaga, Amets Aranguren, Intza Alkain, Anabel Arraiza eta Bizipoza Elkartea.
Hitzordua plaza horretan bertatik bertara jarraitzeko harmailetako sarreren erdiak salduta baldin badaude ere, omenaldiarekin bat egin nahi dutenek eskuragarri dituzte sarrerak, 15 euroan, nikeremaitezaitut.eus atarian. Nerea Godoy Maite Zaitut elkarteko kideak herritarrak animatu nahi izan ditu pistako sarrerak ere erostera: "haurrekin bertaratzeko ere gune atsegin eta aproposa izango da pista, gauza dibertigarriak gertatuko baitira bertan".
Aurkezpenean, Ane Labaka gidoilariak iragarri du "abesti mitikoak" oholtzaratuko dituztela eta, esaterako, Musua, Amona Maria Luisa eta Maite zaitut doinuak iritsiko direla ikus-entzule guztien belarrietara.
Pailazoen historiaren lekukotasunak biltzeko deia ere egin dute antolatzaileek, hitzorduari begira: "ia guztiok daukagu txikitako argazkiren bat beraiekin, eta 37 urteko ibilbidean zenbat bihotzetan sartu diren erakutsi nahi diegu, BECen argazki horiek guztiak plazaratuz", zehaztu du Godoyk. Gaurtik aurrera eta festa erraldoia hurbildu bitarte, herritarrek aukera izango dute, garaiak garai eta urteak urte, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin nahiz Katxiporretaren unibertsoko edozein elementurekin dituzten argazkiak nikeremaitezaitut.eus webgunera bidaltzeko