Itxi

kultura

Aurkezpena

Durangoko Azoka, erronkei aurre egiteko prest

Benito Lertxundik jasoko du Durangoko Azokako 47. edizioko Argizaiola saria, Kultura ijitoa izango da aurtengo kultura gonbidatua, eta 300dik gora ekitaldi izango dira, lau egunetan.

01:16
Durangoko Azoka, abenduaren 6tik 9ra

Durangoko Azokako 47. edizioa aurkeztu dute. Krisiari aurre egitea dute helburu aurten Gerediaga elkarteko antolatzaileek, eta horretarako lau eguneko egitarau sendoa prestatu dute. Egun kantitatea baino, egitarauaren kalitatea azpimarratu nahi dute aurten. Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendariak aurreratu duenez, kultura ijitoa izango da aurtengo kultura gonbidatua.

Abenduaren 6tik 9ra egingo dute aurten Azoka. Halaber, egun bat gutxiago izango badu ere -lau egun, bost barik-, egitarauan 300dik gora ekitaldi izango dira aurten, gune eta espazio ezberdinetan banatuta. "Azokak inoiz izan duen egitaraurik zabalena izango du aurten", nabarmendu dute.

400 nobedade pasatxo aurkeztuko dira eta 300 ekitaldi baino gehiago antolatu dira aurkezpen, emanaldi, tailer, hitzaldi eta bestelako ekitaldien artean. Antolatzaileek aurkezpenean gogoratu dute mende erdia beteko duela aurki Durangoko Azokak. "Urratsez urrats" eginiko bilakaera horrek Durangoko Azokaren "izaera irekia eta parte-hartzailea" erakusten du, eta azken pausoa iaz eman zen, diziplina berriei eskainitako Irudienea (ikus-entzunezkoak), Szenatokia (arte eszenikoak) eta K@bia (teknologia eta adierazpen berriak) guneekin. "Pauso horren jarraipena dator aurten, eta, gainontzeko guneekin batera, espazio berri hauen finkatzeko ahalegina egin da", gaineratu dute.

Argizaiola saria Benito Lertxundi abeslariak jasoko du, euskal kulturari egindako ekarpenagatik. Omenaldia eta sari-ematea abenduaren 6an izango da, 20:30ean.

Krisi ekonomikoak baldintzatuta ere, etxe pribatu batzuek Durangoko Azokaren proiektuarekin bat egitea erabaki dute lehenengoz. Horrela, ahalegin horretan, egongo diren 253 standetan, zortzi dira partaide berriak aurten.

Azoka bera 10:30etik 20:30era egongo da irekita, baina Ahotsenea  guneak 22:00ak arte luzatuko du aurten ordutegia, aurkezpen gehiagori lekua egiteko eta ondorengo Plateruena guneko kontzertuetarako zubi natural gisa funtzionatzeko. Hain zuzen, aurten lehen aldiz, Plateruena Durangoko Azokaren egitarau ofizialaren parte izango da.

Aipatu bezala, kultura ijitoa izango da aurtengo kultura gonbidatua. Ehunka urte dira kultura ijitoa euskal lurraldean dela, baina, hala ere, "kultura ikusezin bezain zein urrunekoa" da hainbatentzat. Kale Dor Kayiko elkartea izan da elkarlanaren koordinazioaz arduratu dena beraien aldetik.