kultura
Iaz baino % 4,6 gehiago
Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko ditu EAEn kultur jarduera sustatzera
N. V. | EITB Media
2024an, 20.644 kultur ekitaldi egin ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 56 ekimen egunean.
-
5.743 kontzertu izan ziren 2024an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko ditu 2025. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan kultur jarduera sustatzera, aurreko urtean baino % 4,6 gehiago, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri duenez.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak literatura, arte eszeniko, musika, arte plastiko eta bisual, ikus-entzunezko, jaialdien antolatzaile, antzerki emanaldi edota berrikuntzako proiektuen sektoreko 730 eragile baino gehiagorengana iritsi nahi du deialdien bidez (17,4 milioi euro) eta dirulaguntza izendunen bidez (10,6 milioi euro).
Iaz Euskal Autonomia Erkidegoan 20.600 kultur ekitaldi baino gehiago egin zirela esan du Bengoetxeak, 2023an baino % 12 gehiago (18.337 izan ziren orduan); egunean, 56 ekimen.
Kulturaren Euskal Behatokiak 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean programatutako kultur ekitaldi guztiak aztertu ditu, datuok biltzeko. Ekitaldirik ugarienak kontzertuak izan ziren, 5.743, eta euskaraz izan ziren horietako gehienak (% 26).
Antzerkiari dagokionez, 2024an 4.408 emanaldi izan ziren (horien % 44,2 gaztelaniaz izan ziren, eta % 40, euskaraz); 903 dantza emanaldi; 1.266 erakusketa inauguratu ziren; eta 1.062 bertso saio.