Itxi

kultura

Jardunaldiak

'Fun & Serious' bideojokoak Bilbora heldu dira

Abenduaren 2ra arte, hitzaldiak, tailerrak eta hainbat ekitaldi izango dira Bizkaiko hiriburuan. Gainera, urteko bideojoko onenak sarituko dituzte, sail ezberdinetan.

  • 'Fun & Serious'. Argazkia: EITB

    'Fun & Serious'. Argazkia: EITB

Azaroaren 26ik abenduaren 2ra Bilbora begira jarriko da bideojokoen mundua, Fun&Serious Game Festivalekin. Produktu horien ekoizle, artista eta garatzaileen lana saritu nahi dute, ikuspegi serioan zein aisiari lotutakoan.

Zazpi egunetan, hainbat ekitaldi izango dira Bilboko Euskalduna Jauregian, Guggenheim museoan, AlhondigaBilbaon eta Campos Eliseos Antzokian. Joko serio eta sormenari buruzko hitzaldiak izango dira, hau da, aplikazioen erabilera ludikoari buruz. Hizlarien artean Rod Nelson izango da, Lotus F1 Teameko ingeniari nagusia, Fernando Alonso Renaulten zegoeneko pista ingeniaria izandakoa.

Azaroaren 29a izango da jardunaldietako egun garrantzitsuena. Gala berezia egingo dute Campos Eliseos Antzokian eta "Journey", "Bordelands 2", "Dishonored", "Halo 4", eta "Assasin's Creed 3" bideojokoen egileak izango dira bertan. Urteko bideojoko onenen sariak eskainiko dituzte.

Charles Cecilek hitzaldia eskainiko du 'Fun & Serious' jardunaldietan. "Broken Sword" frankizia ezagunaren egilea da eta bere ibilbide profesionala izango da hizpide, eta egitasmoen finantziazioa bilatzeko mezenasgoaren bidea irekiko du.

Talentu gazteek ere hitzaldiak eskainiko dituzte, baita inbertsioei buruzkoak, saskibaloiaren eta bideojokoen arteko erlazioari buruzkoak, etab. Bideojokoak erosteko eta modu osasuntsuan erabiltzeko tailerrak ere izango dira, txapelketak, jokoen gunea eta mahai-inguruak.

Azkenik, Fun&Serious Game Festivalen baitan, hóPlay ekimena izango da AlhóndigaBilbaon. Sormen eta berrikuntza sariak emango dituzte, mundu osotik heldutako 15 proposameni eta 2012ko Euskal Herriko bideojoko onena sarituko dute.