Itxi

kultura

KONTZERTUA

Jennifer Lopezek kontzertua egingo du Barakaldoko BECen, uztailaren 16an

EITB MEDIA

Oraingoz, Last Tour enpresa sustatzaileak ez du jakinarazi sarrerak noiz jarriko dituzten salgai.

  • Jennifer Lopez, artxiboko irudi batean.

    Jennifer Lopez, artxiboko irudi batean.

Jennifer Lopez (New York, 1969) abeslariak geldialdia egingo du Barakaldon, 'Jennifer Lopez: Up all night live in 2025' nazioarteko biraren barruan, eta uztailaren 16an BECen kontzertua egingo du.

"Bere abesti arrakastatsuenekin osatutako ikuskizun elektrizatzailea". Modu horretan definitu du kontzertua Last Tour enpresa sustatzaileak. Oraingoz ez dute jakinarazi noiz jarriko dituzten salgai sarrerak.

Euskal Herrira iritsi aurretik, uztailaren 8an Pontevedran, 10ean Cadizen, 11n Malagan eta 15ean Bartzelonan izango ditu hitzorduak artista estatubatuarrak.

Abeslari, dantzari eta aktore aritu den ibilbide profesionalean, 80 milioi disko baino gehiago saldu ditu Lopezek. Lehen urratsak zineman eman zituen, "Selena" (1997), "Anaconda" (1997) eta "The cell" (2000) pelikulekin. 

Musikan, "On The 6" izan zen bere lehen albumaren goiburua, eta bilduma horretako abesti ezagunenak, berriz, "If You Had My Love", "Let's Get Loud" eta "Waiting For Tonight" izan ziren.

Iaz kaleratu zuen bere bederatzigarren eta, oraingoz, azken diskoa, "This Is Me... Now" izenburuarekin. Horrekin, nabarmen jaitsi dira artistaren salmentak.