Itxi

kultura

Kontzertu berezia

Euskadiko Orkestrak eta Euskadiko Ikasleen Orkestrak hiru kontzertu emango dituzte elkarrekin, aurrenekoz

Agentziak | EITB Media

Kontzertu nagusia apirilaren 25ean izango da Donostiako Kursaalen, eta 110 musikari izango dira oholtzan. Apirilaren 23an Bilboko J.C Arriaga Kontserbatorioan eta apirilaren 24an Gasteizko J. Guridi Kontserbatorioan izango dira beste bi kontzertuak

  • Euskadiko Orkestra eta Euskadiko Ikasleen Orkestra.

    Euskadiko Orkestra eta Euskadiko Ikasleen Orkestra.

EIO Orkestrak, 15 eta 19 urte bitarteko Kontserbatorio eta Musika Eskoletako ikasleek osatutako Euskadiko orkestra gazteak, eta Euskadiko Orkestrak, hiru kontzertu emango dituzte elkarrekin Pazko astean, EAEko hiriburuetan, 'Etorkizuna orain' izenburupean. Kontzertu-sorta berezi horretan profesionalek eta ikasleek bat egingo dute eszenatokian, eta lehen aldiz elkarrekin musika egingo dute.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Hezkuntza Sailari atxikitako Euskadiko Ikasleen Orkestraren eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako Euskadiko Orkestrarekin batera ondutako proiektuko kontzertu nagusia Donostiako Kursaalen izango da apirilaren 25ean, 19:00etatik aurrera.

Eszenatokian izango dira 110 musikari baino gehiago, Unai Urrechoren gidaritzapean, eta "oraina eta etorkizuna esperientzia paregabean uztartuko dituen kontzertu ikusgarria" egingo dute.

Kursaaleko kontzertuaren aurretik, bi emanaldi izango dira; apirilaren 23an, Bilboko J.C Arriaga Kontserbatorioan, eta apirilaren 24an, Gasteizko J. Guridi Kontserbatorioan, biak ere 19:00etan.