kultura
ATSEKABEA HOLLYWOODEN
Gene Hackmanen etxea arratoiz beteta zegoen; emaztearen gorpuarekin bizi izan zen astebetez, hil baino lehen
Agentziak | EITB MEDIA
Hackmanen eta haren emazte Betsy Arakawaren heriotzari buruzko ikerketak agerian utzi du etxebizitza arratoiz beteta zegoela (horietako batek birus hilgarria transmititu zuen eta horregatik hil egin zen) eta Hackman Arakawaren hilotzarekin bizi izan zela ia astebetez.
-
Betsy Arakawa eta Gene Hackman, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press
Gene Hackman eta Betsy Arakawaren heriotzek Hollywood hunkitu dute, baina bizimoduak sortu du benetan alarma. Mexiko Berriko Osasun Departamentuaren txosten baten arabera, hildako hainbat arratoi aurkitu dituzte etxeko hainbat txokotan, garajeetan, estalpeetan eta abandonatutako ibilgailuetan.
Betsy Arakawa hantabirusaren ondorioz hil zen. Gaixotasun hori ez da ohikoa, baina bada hilgarria, eta arratoien gorotzekin kontaktuaren bidez transmititzen da. Agintarien arabera, hil baino egun batzuk lehenago, Arakawak gripearen eta covid-19aren antzeko sintomak bilatu zituen Interneten, birus hilgarri batekin kutsatuta zegoela jakin gabe.
Hackmanek 95 urte zituen eta alzheimerrak jota zegoen. Emaztearen hilotzarekin bizi izan zen ia astebetez, ikerketaren arabera. Ez dakite gertatutakoaz jabetu zen, ez baitzuen laguntzarik eskatu.
Auzitegiko txostenak zehazten duenez, Hackmanen gorpua deskonposizio egoeran aurkitu zuten, eta bere txakurretako bat, kirurgia baten ondoren gaixorik, kaiola batean giltzapetuta hil zen, inanizioz.
Etxean lurrean botatako sendagaiak zituztela erakusten dute hainbat argazkitan, eta agerian uzten dute bizimodu osasungaitza zutela.
Bikotea Santa Fe inguruko etxe isolatu batean bizi zen, eta, antza denez, gero eta deskonektatuago bizi ziren.