kultura
AITORTZA
Antton Valverde musikari donostiarrak jasoko du 2025eko Adarra Saria
EITB MEDIA
Ekainaren 21ean jasoko du aitortza musikari donostiarrak, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian egingo den ekitaldian.


Antton Valverde musikari donostiarrak jasoko du 2025eko Adarra Saria, "herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz".
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten saria da, eta Valverdek jasoko duena hamaikagarrena izango da. Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatzen dute epaimahaia.
Ekainaren 21ean jasoko du aitortza musikari donostiarrak, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian egingo den ekitaldian. Han, Marijose Rekalde eskultoreak egindako oroigarria emango dio Eneko Goia Donostiako alkateak, eta segidan, kontzertua eskainiko du Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariez lagunduta.
Kontzerturako sarrerak apirilak 30ean, jarriko dira salgai, 20 eurotan.
Saria jasoko duela jakindakoan, hunkituta agertu da Valverde, eta kantagintzarekin duen "zor handia" aipatu du. "Kantagintzak eman dit Euskal Herria goitik behera ezagutzeko aukera. Eta batez ere, jende asko ezagutu dut, lagun asko egin ditut, eta horrekin harro nago. Zerrenda egiten hasiko banintz, ez genuke momentu batean bukatuko", esan du.
Orain arte 11 Adarra Sari banatu dira. Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia, Zea Mays eta Errobi izan dira saridunak.