kultura
''NIK ERE MAITE ZAITUT''
Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egindako ekarpena eskertzeko omenaldi erraldoia izango da gaur BECen
EITB MEDIA
Euskal eszenako 20 artista handik hartuko dute parte, eta "abesti mitikoak" entzuteko aukera izango da.
-
Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Argazkia: EITB
Musika, dantza, zirkua, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat arte diziplina uztartuko dira gaur arratsaldean oholtzan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egingo dieten omenaldian. Barakaldoko BECen da hitzordua.
Euskal eszenako 20 izen handi baino gehiago bilduko dira BECen: abeslariak, idazleak, dantzariak, bertsolariak, aktoreak... Besteak beste, hauek izango dira bertan: Itziar Ituño, Lur Errekondo, Sua Enparantza, Gure Zirkuko kideak, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Olatz Salvador, Kai Nakai, Aitor Gorosabel, Maialen Lujanbio, Go!azeneko lagunak, Tapia eta Leturia, Landarbaso abesbatza, Oinkari dantza taldea, Bonberenea Txaranga, Beñat Gaztelumendi, Yogurinha Borova, La Pulga, Jon Maia, Gozategi, Igor Elortza, Nerea Urbizu, Beatriz Egizabal, Ines Osinaga, Amets Aranguren, Intza Alkain, Anabel Arraiza eta Bizipoza Elkartea.
Aurkezpenean, Ane Labaka gidoilariak iragarri zuen "abesti mitikoak" oholtzaratuko dituztela, eta, esaterako, Musua, Amona Maria Luisa eta Maite zaitut doinuak entzuteko aukera izango zela.
Pailazoen historiaren lekukotasunak ere bildu dituzte antolatzaileek, hitzorduari begira. "Ia guztiok daukagu txikitako argazkiren bat beraiekin, eta 37 urteko ibilbidean zenbat bihotzetan sartu diren erakutsi nahi diegu, BECen argazki horiek guztiak plazaratuz", zehaztu zuen Godoyk.