Itxi

kultura

Saria

Xabier Etxeberria Mauleon ekintzaile eta pentsalariak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren saria

N. V. | EITB Media

Pentsalari eta ekintzaile sozialarentzat izango da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien 2025eko saria.

  • Xabier Etxeberria Mauleon

    Xabier Etxeberria Mauleon

Xabier Etxeberria Mauleonentzat (Arroitz, 1944) izango da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria, "herrialde barruan zein kanpoan justizia sozialaren alde egindako ibilbideagatik eta gure gizarteek bultzada etiko bat behar duten une historiko honetan egindako ekarpenaren esanahi bereziagatik", epaimahaiaren hitzetan.

Sariduna aukeratzeko zereginetan, bi erakunde antolatzaileekin batera, "Eusko Ikaskuntzaren geografia eremuko zazpi unibertsitateetako eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko" ordezkariek hartu dute parte.

Filosofian doktorea eta katedradun emeritua da Etxeberria Deustuko Unibertsitatean, eta arlo hauek landu ditu irakasle ibilbidean: Etika Filosofikoa, Lanbide Juridikoen Etika, Antropologiaren Etika eta Gizarte Lanaren Etika.

"Identitate kolektiboak etikaren eta giza eskubideen ikuspegitik ulertzeko ahaleginen emaitza dira haren gogoeta asko eta irakaskuntza eta dibulgazio lana", Eusko Ikaskuntzak azaldu dutenez, eta "Latinoamerikako herri indigenen giza eskubideen alde, bakearen eta indarkeriarik ezaren alde eta garapen desgaitasuna duten pertsonen alde" egin duen lana nabarmendu du.

Jakina zenez, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria, 35 urtetik beherako gazteek humanitate, kultura, arte edo gizarte zientzien alorretan egindako sorkuntza eta ikerketa lanak babesten dituen golardoa, Jon Esnaola Agirre konpositore tolosarrarentzat izan da, Nestor Basterretxearen oroimenez egindako LUUR musika-proiektuagatik.

Bi sariok emateko ekitaldirako data zehazteko dago oraindik.