kultura
Lau funtzio
ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute gaur "Otello", ABAO Bilbaoren denboraldia itxiko duen opera
N. V. | EITB Media
Jorge de Leon, Ermonela Jaho eta Claudio Sgura dira Verdiren operaren protagonistak, eta maiatzaren 17, 20, 23 eta 26an oholtzaratuko dute, Euskaldunan. ETB2k eta eitb.eus-ek lehen emanaldia, gaurkoa, emango dute, zuzenean, maiatzaren 17an, 19:00etan.
-
"Otello"ren 2015eko bertsioa. Argazkia: E. Moreno Esquibel.
ABAO Bilbaok Otello Giuseppe Verdiren opera aurkeztuko du 73. denboraldia ixteko, maiatzaren 17, 20, 23 eta 26an, Euskaldunan, Bilbon. Francesco Ivan Ciampa maisuak Kyiv Symphony Orchestra zuzenduko du, Jorge de Leonen (Otello), Ermonela Jahoren (Desdemona) eta Claudio Sguraren (Jago) ahotsak protagonista izango dituen operan.
Euskaldunara bertaratu ezin direnek opera ETB2n eta eitb.eus-en ikusi eta entzuteko aukera izango dute, Euskal Telebistak zuzenean emango baitu larunbateko emankizuna, 19:00etatik aurrera.
Istorio tragiko eta hilezkor honek maitasuna, jelosia, inbidia, arrazismoa, handinahi neurrigabea, manipulazioa eta iruzurra uztartzen ditu, eta Verdik William Shakespeareren mundura egin zituen hiru hurbilketetako bigarrena izan zen, Macbeth egokitu ondoren eta Falstaff musikatu aurretik sortu baitzuen Otello.
De Leonekin, Jahorekin eta Sgurarekin batera, Mikeldi Atxalandabaso bizkaitar tenorrak ere hartzen du parte operan. Ahotsen zerrenda Bilboko Operako Abesbatzak, Boris Jujinek zuzendua, eta Bilboko Koral Elkarteak, Jose Luis Ormazabalek zuzendua, osatzen dute.