Itxi

kultura

TITULAR NAGUSIAK

Albiste izango dira: Euskaraldia, ekaitza Araban eta Nafarroan, eta gorreria eta bideojokoak

EITB MEDIA

Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.

  • Ahobizi eta Belarriprest txapak paparrean ibiliko dira parte-hartzaileak hamaika egunez

    Ahobizi eta Belarriprest txapak paparrean ibiliko dira parte-hartzaileak hamaika egunez. EITB Media

Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko maiatzaren 15ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:

- Euskaraldia 2025: Euskaraldiaren laugarren edizioa gaur hasi eta maiatzaren 25era arte egingo da, udaberrian lehen aldiz. "Elkar mugituz egingo dugu" da euskararen erabilera aktibatzeko hamaika eguneko ekimen honen aurtengo leloa. Ohi bezala, herritarren ezagutzatik erabilerarako urratsa egitea izango da Euskaraldiaren helburu nagusia, euskara ulertzen duten hiztunek hizkuntza ohiturak aldatzea.

- Ekaitza Araban eta Nafarroan: Euriak eta txingorrak eragozpen ugari eragin ditu azken orduetan Euskal Herriko hainbat txokotan, bereziki, Araban eta Nafarroan. Tafallan (Nafarroa), zehazki, Puiun, 50 litro pilatu dira ordubete eskasean. Dulantzin (Araba), kazkabarrak kaleak zuritu ditu (21 litro ordubetean), eta gauza bera gertatu da Araian eta Ilarduian (Asparrena, Araba) ere, ordubetean 60 litro pilatu baitira metro koadroko. Gasteizen ere 29 litro jaso dira ordubetean.

- Gorreria eta bideojokoak: Munduko Osasun Erakundearen arabera (MOE), 1.100 milioi gazte baino gehiago gorreria jasateko arriskuan daude, bideo-jokoek eragindako kaltea dela eta. Munduko Osasun Erakundearen arabera, esposizio segurua 80 dezibeliokoa da astean 40 orduz. Hala ere, ikerketen arabera, bideojokoetako soinuek muga horiek gainditu egiten dituzte maiz, eta jokalariek entzumenean kalte handia izateko arrisku handia dute.