kultura
25. edizioa
Leioa, antzerki, zirku eta musikaz gainezka
N. V. | EITB Media
Leioako 25. Umore Azokak ehundik gora ikuskizun eskainiko ditu ostegunetik igandera. 50 konpainiak erakutsiko dituzte beren lanak.
-
Hortzmuga konpainiaren ikuskizuna, iazko Umore Azokan
Leioako Umore Azokaren 25. edizioa ostegunetik igandera, maiatzaren 15etik 18ra, egingo dute; antzerki, dantza, zirku eta musikako 100 ikuskizun baino gehiago izango dira guztira Bizkaiko udalerrian, Euskal Herritik eta munduko hainbat lekutatik (Espainia, Katalunia, Taiwan, Japonia, Portugal, Belgika, Erresuma Batua, Argentina…) heldutako 50 konpainiaren eskutik.
Toy Toy Toyk, yo-yoko mundu txapelduna den japoniar bikoteak, irekiko du Umore Azoka ostegunean, 18:00etan.
Aurten, "gazteen interesa bereziki piztuko duten proposamenak" indartu nahi izan dituzte antolatzaileek, "artea kalean modu zuzen eta parte-hartzailean bizitzera gonbidatzeko".
Gazteentzako eskaintza horien artean azpimarratzekoak dira 'Artifiziala', Flu Teatro konpainiaren lana, adimen artifizialari buruzko hausnarketa umorearen bidez egiten duena; eta 'Famulus 4.0', Iron Skulls Co-ren eskutik, dantza urbanoa eta teknologia uztartzen dituen ikuskizuna, non txakur robot bat dantza emanaldiaren parte den, jaialdiaren arduradunek azaldu dutenez.
Familientzako programazioak ere toki nabarmena izango du Umore Azokan, denek elkarrekin gozatzeko pentsatutako muntaketekin: Ameztu Antzerkia taldearen 'Kay robot', Erre Produkzioak-en 'Superheroiak', Xabi Larrearen 'Baboom' eta Zirkun Zirkoren 'Loratzen'.