kultura
Zinema
Jacob Elordi aktore australiarra bere euskal sustraiez harro mintzatu da berriro ere
EITB MEDIA
Aktore ospetsuak elkarrizketa batean azpimarratu du bere aitona Ondarroan jaiotakoa zela, eta aita Bilbon hazia duela. Azaldu duenez, familiak Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen, frankismotik ihesi.
-
Jacob Elordi, 'Fotogramas' aldizkariko azalean. Argazkia: EITB MEDIA
Jacob Elordi aktore australiarra, Euphoria telesailean eta Sofia Coppolaren Priscilla filmean egindako lanagatik ezaguna, baita Guillermo del Tororen Frankenstein pelikulan izango duen paperagatik ere, bere euskal jatorriaz harro mintzatu da berriz ere. Oraingoan, Bigarren Mundu Gerrari buruzko serie berri baten harira 'Fotogramas' aldizkariak egindako elkarrizketa batean aipatu ditu bere sustraiak, eta elkarrizketaren bideoaren zati bat bolo-bolo dabil sare sozialetan.
"Nire aitona, Joaquin Elordi, Ondarroan jaioa, eta nire aita Bilbon hazia, Markinan…", horrela hasten da ikus-entzule askoren arreta erakarri duen bideoa. Elordik garbi utzi du bere euskal jatorria dela eta harro dagoela, eta azaldu du bere arbasoek Espainiako erregimen faxistatik ihesi emigratu behar izan zutela Australiara.
Ez da, baina, Elordik bere euskal jatorria publikoki aitortzen duen lehen aldia. ETB2n emititutako "La Noche de..." saio batean, esaterako, Wikipedian agertzen den bere biografia aldatu zuela azaldu zuten, euskal jatorria zuela aipatzeko, Espainakoa zela zekarren eta.